Nerea LAUZIRIKA
BILBO

Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan

«Hezkuntza euskaraz izango da!» lelopean Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleak hartu dituzte ikasleek. Gazte Euskaltzaleen Sareak, Ikamak eta Leioa, Gasteiz eta Ibaetako campusetako euskara taldeek deitu dituzte mobilizazioak. Antolakuntzaren arabera milaka ikaslek bat egin dute protestekin.

Bilboko manifestazioa, Kale Nagusian behera.
Bilboko manifestazioa, Kale Nagusian behera. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Manifestazioak 12.00etan abiatu dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Bilbokoa Jesusen Bihotzetik, Donostiakoa Bulebarretik, Gasteizkoa Elurretatik eta Iruñekoa Antoniuttitik. ‘Hezkuntza euskaraz izango da!’ lelopean, euskaraz ikasteko eskubidearen alde protesta egin dute, Gazte Euskaltzaleen Sareak, Ikamak eta Leioa, Gasteiz eta Ibaetako campusetako euskara taldeek deituta. Milaka ikaslek hartu dute parte mobilizazioetan, antolakuntzaren arabera.

«Azken hilabeteetan jasan ditugun eraso euskarafoboek eta bereziki hezkuntzan eragiten digutenek ez digute uzten ikasketa prozesua osorik euskaraz egiten», Aitor Bilbao ikasleak Bilboko manifestazioa hasi orduko adierazi duenez. Traba horietako batzuk aipatu ditu: «Irakasle batzuen euskara maila desegokia, material guztia ez digute euskaraz ematen eta, euskaraz ikasi ostean, ez da bermatzen ikasleok euskara maila ona dugunik». «Agintariei eta eliteei» eskatu diete euskaraz ikasteko eskubidea bermatu dezatela.

Halaber, mobilizazioaren bukaeran egoeraren diagnostiko zehatzagoa egin dute. «Kezkagarritzat» jo dituzte «euskararen aurka hartutako erabaki judizialak, euskarak pantailetan duen presentzia murritza eta euskaraz ikasteko eskubidea behin eta berriz urratzea». Horregatik, haien hautua «gure belaunaldiaren bizipenetatik eta ikuspegitik egoerari aurre egitea» dela adierazi dute.

Salatu dute euskaraz bizi nahi dutenen aurkako «oldarraldi politikoa, juridikoa eta mediatikoa» jasaten ari direla eta gero eta agerikoagoak direla euskararen aurkako diskurtsoak, «euskara eta euskaldunok zapaltzaile gisa aurkeztu nahi gaituztenon ahotan».

Agintariei ere erreferentzia egin diete. «Gaur-gaurkoz ez dugu hizkuntza eta hezkuntza politiketan euskararen aldeko erabaki ausartik ikusten», nabarmendu dute. Baina konponbidea ere jarri dute mahai gainean: «Gure hezkuntza prozesua euskaraz izan dadin langile euskaldunak kontratatzea ezinbestekoa da, eta edukiak euskaraz izatea».

Jesusen Bihotzetik abiatu den ikasle taldea handituz joan da manifestazioa Kale Nagusian behera zihoan neurrian. «Hezkuntza honek ez du euskalduntzen» eta «Euskal Herrian hezkuntza euskalduna» izan dira gehien errepikatutako aldarriak. Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitza pegatinaz josi dute, agintariei egindako eskaeraren erakusgarri, eta txaloz babesa adierazi diete Primark aurrean protestan ari ziren langileei.

Nafarroa kalean behera jarraitu du mobilizazioak, eta Arriagara heldu direnerako 800 inguru ziren protestarekin bat egin duten ikasleak. Denek batera, «egoera latzei imajinazioz, ilusioz eta batasunez erantzuteko» konpromisoa agertu dute.