Nerea LAUZIRIKA
BILBO

Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan

«Hezkuntza euskaraz izango da!» lelopean Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleak hartu zituzten atzo ikasleek. Gazte Euskaltzaleen Sareak, Ikamak eta Leioa, Gasteiz eta Ibaetako campusetako euskara taldeek deitu zituzten mobilizazioak. Antolakuntzak nabarmendutakoaren arabera, milaka ikaslek bat egin zuten protestekin.

Bilboko manifestazioa, Kale Nagusian behera.
Bilboko manifestazioa, Kale Nagusian behera. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Manifestazioak 12.00etan abiatu ziren Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Bilbokoa Jesusen Bihotzetik, Donostiakoa Bulebarretik, Gasteizkoa Elurretatik eta Iruñekoa Antoniuttitik. “Hezkuntza euskaraz izango da!” lelopean, euskaraz ikasteko eskubidearen alde protesta egin zuten, Gazte Euskaltzaleen Sareak, Ikamak eta Leioa, Gasteiz eta Ibaetako campusetako euskara taldeek deituta. Milaka ikaslek hartu zuten parte mobilizazioetan, antolakuntzaren arabera.

«Azken hilabeteetan jasan ditugun eraso euskarafoboek eta bereziki hezkuntzan eragiten digutenek ez digute uzten ikasketa prozesua osorik euskaraz egiten», Aitor Bilbao ikasleak Bilboko manifestazioa hasi orduko adierazi zuenez. Traba horietako batzuk aipatu zituen: «Irakasle batzuen euskara maila desegokia, material guztia ez digute euskaraz ematen eta, euskaraz ikasi ostean, ez da bermatzen ikasleok euskara maila ona dugunik». «Agintariei eta eliteei» eskatu zieten euskaraz ikasteko eskubidea berma dezatela.

Mobilizazioaren bukaeran egoeraren diagnostiko zehatzagoa egin zuten. «Kezkagarritzat» jo zituzten «euskararen aurka hartutako erabaki judizialak, euskarak pantailetan duen presentzia murritza eta euskaraz ikasteko eskubidea behin eta berriz urratzea». Horregatik, haien hautua «gure belaunaldiaren bizipenetatik eta ikuspegitik egoerari aurre egitea» dela adierazi zuten.

Salatu zuten euskaraz bizi nahi dutenen aurkako «oldarraldi politikoa, juridikoa eta mediatikoa» jasaten ari direla eta gero eta agerikoagoak direla euskararen aurkako diskurtsoak, «euskara eta euskaldunok zapaltzaile gisa aurkeztu nahi gaituztenon ahotan».

Agintariei ere erreferentzia egin zieten. «Gaur-gaurkoz ez dugu hizkuntza eta hezkuntza politiketan euskararen aldeko erabaki ausartik ikusten», nabarmendu zuten. Baina konponbidea ere jarri zuten mahai gainean: «Gure hezkuntza prozesua euskaraz izan dadin langile euskaldunak kontratatzea ezinbestekoa da, eta edukiak euskaraz izatea».

Jesusen Bihotzetik abiatu zen ikasle taldea handituz joan zen manifestazioa Kale Nagusian behera zihoan neurrian. «Hezkuntza honek ez du euskalduntzen» eta «Euskal Herrian hezkuntza euskalduna» izan ziren gehien errepikatutako aldarriak. Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitza pegatinaz josi zuten, agintariei egindako eskaeraren erakusgarri, eta txaloz babesa adierazi zieten Primark aurrean protestan ziren langileei.

Nafarroa kalean behera jarraitu zuen mobilizazioak, eta Arriagara heldu zirenerako 800 inguru ziren protestarekin bat egin zuten ikasleak. Denek batera, «egoera latzei imajinazioz, ilusioz eta batasunez erantzuteko» konpromisoa agertu zuten.