Andoni ARABAOLAZA
MENDIA

Kilian Jorneten ezkutuko karta, eskian

Kilian Jorneten izena aipatzen den bakoitzean «alarma» guztiak pizten dira. Zer egin ote du? Hori da jendearen galdera nagusia. Eta ez da harritzekoa. Katalanak mendiko diziplina ezberdinetan eta lehietan goi mailako jarduerak egin ditu. Alpinismoa, trail running, mendiko eskia, fastest known time izeneko aktibitateak, konpetizioa… Jorneten curriculumak orri asko betetzen ditu.

Hori guztia aipatu eta gero, harritu gaitu duela aste batzuk Norvegian eginiko jarduerak ez duela ia oihartzunik izan. Aurten ez da Alpeetara joan, oso gustukoa duen Pierra Menta lasterketan parte hartzera. Ez, etxean bertan (Norvegian bizi da) gogor entrenatzen ari da; hain zuzen ere, Himalaiara egingo duen espediziorako indar guztiak ardaztu ditu. Eskiak hartu eta desnibel handiko jarduerak egiten ari da.

Alabaina, tartea atera du pente raide edo aldats pikoetan jaitsiera bat egiteko. Breitind mendiaren ekialdeko aurpegian 1.500 metroko «mamuari» kosk egin diote Jornetek berak eta haren kide David Lindgrenek. Baina horri gehitzen badiogu 60 graduko tarte bati aurre egin diotela, bada, zaila egiten zaigu zer edo zer gehiago gehitzea. Soilik, muturreko jaitsiera bat egin dutela, eta munduko espezialisten artean kokatu direla.

MAILA GORENA

Irakurtzen den bezala, kirolari katalanaren muturreko jaitsiera hori ez da Alpeetan, Andeetan edo Himalaian izan. Hots, sona handiko mendilerro horietan. Ez. Norvegia «xumea» du kokapena, baina, aurreratu dugunez, Jornetek beste ekarpen bat egin berri du. Eta Norvegia nabarmendu behar da, besteak beste, hango elurra berezia delako: itsasoak eragindako elur hezea, arrokan itsasten dena.

Ondoren, zalaparta iritsi da 60 graduko sekzio bat jaitsi ondoren. Hots, mendiko eskian dagoen eskalan jaitsiera hori maila gorenera eraman du: 5.6. Orain arte egin diren izaera bereko proposamenak ez dira oso egonkorrak izan. Alpeetako Aravis-en, Nant Blanc-en, La Verten edo Peuterey-ko ekialdeko aurpegian halako zailtasunak argitaratu dira.