Peli LEKUONA
DONOSTIA

Pasaiako senideak: «Publikoki salatuta soilik mugitzen dira»

Pasaiako sarraskiari buruzko ikerketa txosten bat haiei jakinarazi ez izanak haserrea eragin du senideengan. Pello Aizpuruk eta Arantxa Isartek Lakuaren tratua salatu zuten atzo Naiz Irratian.

Pello Aizpuru, beste senide batzuekin, Pasaiako sarraskiaren 39. urteurreneko lore eskaintzan, asteazkenean Azpeitian.
Pello Aizpuru, beste senide batzuekin, Pasaiako sarraskiaren 39. urteurreneko lore eskaintzan, asteazkenean Azpeitian. (Jon URBE | FOKU)

Pasaiako sarraskiko biktimen senideak «harrituta» gelditu ziren txostena hiru urteko atzerapenarekin ezagututakoan. Txostena Lakuak eskatu arren, eta dokumentua publiko egiteko gomendioa jasoa zegoelarik, ez zuten gertaturikoa ulertzen. «Ezin dugu ulertu, eta mindu egin gaitu. Haserretuta eta minduta gaude», deitoratu zuen Pello Aizpuruk NAIZ Irratian egindako elkarrizketan. Arantxa Isartek, txostena nola eskuratu zuten azaldu zuen.

Lehen bilkurak ondo joan arren, «hainbat urtez» itxaroten egon direla zehaztu zuen Pedro Mari Isart hildako militantearen arrebak. Martxoaren 3an testigantza ematera joan zirelarik jaso zuten EHUko Giza Eskubideen katedraren txostena. «Testigantzak bukatu eta ea txostenari buruz zerbait bagenekien galdetu ziguten». Dokumentua etxean irakurritakoan konturatu ziren ikerketaren dimentsioaz. Pasaiako hildakoen biktima izaera aztertu behar zuen taldeak ere atzerapenarekin jaso zuen dokumentua. «Zertarako? Kaxoi batean gordeta edukitzeko?».

Dionisio Aizpururen anaiak erantsi zuen azken hiru asteetan txostena eman zien teknikaria bilatu duela, dokumentua nork eman zion jakiteko. Ez dietela kasurik egin salatu zuen. «Garbi hitz egin behar dugu. Publikoki salatuz gero erreakzionatzen dute, bestela ez».

Jonan Fernandezekin eta Aintzane Ezenarrorekin izandako bilera batean, 2019ko udazkenean, kasua heldu eta biktima izendapenaren ebazpena egon zitekeela aipatu zieten. Aizpuruk esan zuen «zerua argitu» zitzaiela. Orduz geroztik ez dute erantzunik izan. «Hau ezin da jasan. Kontu handirik gabe, sentsibilitaterik gabe tratatu gaituzte».

Kexu da Jose Antonio Rodriguez Ranz sailburuordeak eskainitako barkamenaz. «Txostena duela hiru urte eman baligute, agian aditu talde horrekin Nazio Batuetara edo beste erakundeetara joango ginen. Hiru urte alferrik galdu ditugu. Barkatu soil batekin konpondu nahi dute. Horrek ez du barkamenik».

Benetako borondatea

Txostenaren ondorioak dira lau hildakoen gorpuek 113 bala-zulo zituztela; «epaiketarik gabeko exekuzio baten antza duen polizia operazio» baten egitateak daudela eta prozesu judizialaren erritmoak «agonia judiziala» eragin duela. Senideek bat egin dute ondorioekin. Isartek aurrera egitea eskatu zuen, bide judizialetatik ezin bada, exekutiboaren aitortza «ofiziala eta publikoa» eskuratzeko.

Dagoeneko bertsio ofiziala «hankaz gora» dagoela ohartarazi zuen Aizpuruk. «Gure senideek ez zuten tiro egin. Homizidio zantzuak daude». Joseba Merino eta Rosa Jimenoren testigantzez gain, Paco Etxeberriaren autopsia txostena dagoela nabarmendu zuen. «Zer gehiago behar dute?».

Giza Eskubideen eta Botere Publikoen gomendioak dira txostenaren berri ematea eta Giza Eskubideen Batzordean demanda jartzea aztertzea. Arantxa Isartek azaldu zuen Lakuarekin izandako harremanetan ez dutela halako gomendiorik aipatu.

Hurrengo asteartean Joseba Merinok egingo duen polizien identifikazio saioaren aitzinean ez da baikorra. «Lehen ere ekarri izan dituzte poliziak deklaratzera. Aitzakiak bilatzen dituzte ezer ere ez argitzeko». Identifikazio egunean babesa lortzeko elkarretaratzea egingo dute.