Iker BIZKARGUENAGA
HEZKUNTZA SISTEMAREN GAINEKO EZTABAIDA

Osagaiak sukaldean zeuden, labean sartzea soilik falta zen

Lakuako Gobernuak laster aurkeztuko du Hezkuntza Lege berrirako aurreproiektua, udazkenean egindako zuzenketak jaso beharko lituzkeena eta Legebiltzarrean eztabaidatuko dena. Prozesua helmugara gerturatzen ari da, beraz, baina hezkuntza-eragileek urteak daramatzate gaia jorratzen eta hausnarketak papereratzen.

Hezkuntza Plazara herri plataformako kideak, atzo Donostian egindako agerraldian.
Hezkuntza Plazara herri plataformako kideak, atzo Donostian egindako agerraldian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Derrigorrezko etapetan ikastetxea aukeratzeko orduan familiek zer nahi duten kontuan hartu beharko genuke, baina horrek bateragarria izan behar du jatorriaren, indize sozioekonomiko eta kulturalaren edo errentaren arabera ikasleak kontzentratzeko dagoen joera aldatzeko beharrarekin. Administrazioak, gainontzeko hezkuntza eragileekin batera, bi dimentsio horien arteko orekaren alde egin behar du; horri esker, ez da egongo berdintasun-baldintzetan kalitate oneko hezkuntza jasotzeko eskubidea ez duen familiarik. Administrazioak baliabide gutxiago dituzten familiei edozein ikastetxetan hezkuntzarako eskubidea egikaritzeko aukera eman behar die, gizarte osoaren elkartasunaren adierazpen gisa».

Honako paragrafoa 2016an Gasteizko hainbat eragile eta ordezkari politiko zein instituzionalek osatu zuten “Hezkuntza eta aniztasuna” lan mahaiak zabaldutako agirian jasotzen da, eta hiri horretan eskola-segregazioari aurre egiteko abiatutako prozesuaren barruan kokatzen da.

Izan ere, EAEko Hezkuntza Lege berrirako Aurreproiektua aurkeztear dagoen une hau egokia izan daiteke gogorarazteko urte asko direla hezkuntza-komunitatea osatzen duten eragileek hausnarketa hau abiatu zutela. Are gehiago, azken hilabeteetan ezagutu ditugun proposamen gehientsuenak beste nonbait agertu izan dira aurretik, betiere egungo hezkuntza-sistema hobetzeko helburuarekin.

Horiek hala, Ehige-Heizeren “Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar”, Ikastolen Elkartearen “Endekalogoa”, Hik Hasiren hezkuntza proposamena, Eusko Ikaskuntzaren “Hezkuntzaren liburu zuria” eta LABen “Euskal Hezkuntza publiko komunitarioa iruten”, beste askoren artean, auzi honi heltzeko egin diren ekarpenak dira, eta mahai gainean jarri dituzte eredu berria ezaugarrituko duten gakoak. Lan horretan aritu diren norbanakoak ere izan dira, Gonzalo Larruzea aditua kasu.

SEGREGAZIOA HIZPIDE

Hasierako paragrafo horrek agerian uzten duenez, hausnarketa horretan segregazioaren eta jatorriaren araberako bereizketaren auzia hizpide nagusietakoa da, eta hori eragileen dokumentuetan islatu da. LABen hezkuntza egitasmoan, adibidez, argi adierazten da honakoa: «Euskal herritar orok, edozein delarik bere errenta-maila, sexua, jatorria edota bestelako ezaugarriak, hezkuntza ibilbide osoa doan egiteko eskubidea du. Ezin da inor bazterrean utzi eta desabantailak dituzten horien heziketan arreta eta baliabide handiagoak ezarri behar dira».

Segregazioa beren-beregi jorratu duten beste batzuk ere badira. Gasteizen egindako lanketaz gain -eredugarria neurri batean-, Save the Children elkarteak auzi honi buruzko proposamen zehatzak egin zituen 2021ean, eta, azpimarratzekoa da pixka bat lehenago, 2018an, “Euskal Hezkuntza sisteman kohesioa eta berdintasuna hobetzeko” asmoz aurkeztutako Herri Ekinaldi Legegilea (HEL).

Ekimen horrek 17.000 herritarren babesa jaso zuen, behar zuena baino 7.000 gehiagorena, eta, nahiz eta 2018ko urrian egindako Osoko Bilkuran EAJk, PSEk eta PPk kontra bozkatu zuten -beraz, ez zuen aurrera egin-, egitasmoan egiten ziren proposamenek eta haren atzean zegoen irakurketak arrasto sakona utzi zuten, Ganberan bertan eta iritzi publikoan.

HELren lehen artikuluan, adibidez, diru publikoez hornitutako ikastetxe guztietan irakaskuntzaren doakotasuna betearazi beharko litzatekeela aipatzen zen, eta Hezkuntza Saila arduratuko zela «irakaskuntzagatik kuoten kobrantza ageriko edo ezkutuko guztiak indargabetzeaz, horretarako beharrezkoak diren kontrol-mekanismo guztiak martxan jarriz».

Ildo horretan, Lakuak joan den irailean aurkeztutako behin-behineko Lege Aurreproiektuaren 34. artikuluan -“Doakotasun bermea” izenekoa-, esaten da Hezkuntza administrazioak baliabide publikoak jarri behar dituela «derrigorrezko eta doakotzat jotako irakaskuntzak doakoak izan daitezen». Gaineratzen duenez, «derrigorrezko doako irakaskuntzetan, eta arrazoi sozioekonomikoengatik bereizkeriarik gerta ez dadin», funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeek ezin izango dute «doan emandako irakaskuntzengatik familietatik datorren inolako funts edo diru-kopururik jaso».

Paperean jasotako doakotasuna errealitatean gauzatuko dela bermatzea izango da, dena den, lege berriaren erronketako bat. Izan ere, Ehige-Heize-ren dokumentuak aipatzen duen bezala, orain arte, eta legeak kontrakoa esan arren, itundutako zentroetan kuotak ordaintzea «normalizatua eta politikoki onartua» izan da, ikastetxe «elitistak» sortzea baliatuz. Honen harira, Aurreproiektuaren 34. artikulu horrek dio Hezkuntza Sailak «finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxeen jarraipena» egingo duela, eta, «Lege honetan eta aplikagarria den araudi orokorrean ezarritakoaren arabera, hezkuntza-zerbitzuen emaileak onartzeko betebeharrak eta prozedura arautuko» dituela.

EUSKARA ETA CURRICULUMA

Hizkuntza eredua eta, zehazki, hezkuntza-sistemak bermatu beharko lukeen euskararen (eta beste hizkuntzen) ezagutza ere arretagune nagusietakoa da, eta, noski, honen gaineko lan teorikoa ugaria izan da urte hauetan.

Horrela, Euskal Herriak behar duen hezkuntzaz urtebetez hausnartzen aritu ondoren, Hik Hasik 2017an zabaldutako proposamenean esaten da ikasleak «euskaldun eleaniztun bilakatzea» izan behar dela sistemaren helburu; hots, «gai izan behar dutela euskara, gaztelania ala frantsesa, eta atzerriko hizkuntza bat bizitzako hainbat esparrutan egoki erabiltzeko».

«Euskaldun diogunean, euskara bizitzako hainbat esparrutan erabiltzeko gai izateaz harago, euskal kulturaz, historiaz, identitateaz eta berezitasunez jabetu behar dutela eta, jabetu ez ezik, horren guztiaren partaide sentitu behar dutela ere esan nahi dugu. Hemengo kultura-aniztasunean errotuta eta mundura zabalik egongo diren pertsonak hezi nahi ditugu», gaineratzen du dokumentuak, eta gogora ekartzen du 2008an, Euskararen Kontseiluak sustatuta, “Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen” txostena adostu zutela hainbat hezkuntza-eragilek.

Bestetik, Ikastolen Elkartearen “Endekalogoa”-k aipatzen du Euskal Hezkuntza Sistemak «benetako murgiltze eredua» gauzatu beharko duela, «oraingo Hizkuntza-ereduek ezartzen dituzten desberdintasunak gaindituta». «Ikasle guztiei bermatuko diena euskaraz osotasunean bizi ahal izateko maila, duten abiapuntua dutela, eta bizi diren errealitate soziolinguistikoan bizi direla», gaineratzen du.

Gai honen inguruan, Legearen Aurreproiektuak dio hezkuntza-sistemak «derrigorrezko hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek, familia-jatorria edozein dela ere, Euskadiko bi hizkuntza ofizialak eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza bat ezagutzea» ahalbidetu behar duela. Eta 68. artikuluan helburu hori zehazten du: «Lehen Hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B1 azpimaila lortu beharko da bi hizkuntza ofizialetan», eta «Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 azpimaila lortu beharko da bi hizkuntza ofizialetan».

Hizkuntzarekin batera, curriculumak ere garrantzia dauka eztabaida honetan. LABek, honen harira, «herri partaidetzaz egindako eta etengabe berritutako Euskal Curriculum komuna aurreikusten» du hezkuntza-sistema berrirako. “Endekalogoa“-n, aldiz, ikastolek «oso-osorik, bertatik bertara eraikitako curriculumean oinarrituko den» eredua hobesten dutela esaten da, «konpetentzien garapenerako ikasgai zerrenda, metodologia eta kosmobisio propioarekin. Ebaluazio sistema hezitzailea eta hobekuntzara bideratua».

Gai honetan, ordea, hizkuntzaren auzian ikusitako zehaztasuna faltan sumatzen da behin-behineko aurreproiektuan.

Ikastetxeek beren ingurune soziologikoarekin izan beharreko harremanaz edo euren proiektu pedagogikoa garatzeko ahalmenaz ere luze hitz egin da hilabeteotan. Eta aurreko urteetan ere bai.

Lehenengo gaiaz, Hik Hasi-ren dokumentuak hau dio: «Edozein udalerritako hezkuntzako esku-hartzean, ezinbestekoak dira Hezkuntza-eragileen arteko lankidetza, gertuko administrazioaren inplikazioa eta herriko gainerako eragileen partaidetza. Udalerriko hiru eragile mota horien arteko lankidetzan eta antolaketan nahi adina sakondu ahal izan beharko genuke, udalerriko hezkuntza antolatzeko eskumena eta bitartekoak udalaren esku uzteko aukera ere emanez, hala nahi izanez gero». Bigarrenaz, LABek ondorioztatu zuen «ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza egitasmoa» izan behar duela, «bertako hezkuntza komunitateak erabakitakoa».

Neurri batean, beraz, legea egikaritzeko osagaiak aspaldikoak direla esan daiteke; hor zeuden, labean sartzea soilik falta zitzaien. Horretan aritu dira, hain zuzen, 2022ko apirilean Hezkuntza Akordioa sinatu zuten taldeak eta Hezkuntza Saila bera, azken hilabeteotan. Orain, ikusteko dago sukaldetik ateratzen dutena guztien edo gehienen gustukoa izango ote den.

Eragile horietako batzuek, Ehigek, adibidez, hasieratik adierazi dute kozinatzen ari dena ez zaiela gustatzen; beste batzuek gatz eta piperra faltan sumatu dute, baina platerean zer ikusiko zain daude. Ziur asko, ez dute asko itxaron beharko.

JAUZI BAT EGITEKO BILDUKO DA HEZKUNTZA PLAZARA

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege proposamena aurkeztear den honetan, akordioan sakondu eta jauzi bat egiteko beharra nabarmendu zuen Hezkuntza Plazarak Donostian egindako agerraldian, baita hezkuntza komunitatearekin prozesu bat abiatzeko konpromisoa ere. Lege proposamenak Hezkuntza Akordioaren filosofian oinarritu behar duela defendatu zuen. Eta ikastetxeko hizkuntza proiektuen eta herri hezkuntza proiektuen esperientzia pilotuak martxan jartzera animatu zuen. Pilotaje horiek hezkuntza sistema osoan eragina izan dezaten eta esperientzia aski ezberdinak izan daitezen, kopuru adierazgarri bat izatea komeni dela gaineratu zuen.