GARA
LEKUNBERRI

«Gasbidea Aralartik ez», adierazi dute irmo herritarrek Lekunberrin

«Aralar eta Kontserbazio Bereziko Eremua marra gorria direla» adierazteko batu da herritar ugari Lekunberrin. Naturgy enpresari, Nafarroako Gobernuari eta Lekunberriko Udalari eskua luzatu diete partaidetza publikoko prozesu batekin gatazka konpontzeko.

Martxa koloretsua eta askotarikoa egin zuten larunbatean Lekunberriko karriketan.
Martxa koloretsua eta askotarikoa egin zuten larunbatean Lekunberriko karriketan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Konponbidea, elkarrizketa, aukera guztiak aztertu» leloa pankartan. Gibelean, manifestazio koloretsu bat, askotarikoa eta jendetsua, mendian bizi diren pertsonaiek lagundua. Joaldunak eta erraldoi eta buruhandiak ere ez ziren falta, musikarekin dantzan.

Karrikan erakutsitako indarrarekin ziur daude aditu beharko dituztela. Mezua garbia da: ez dute nahi Naturgy taldearen parte den Nedgia enpresaren gasbidea Aralartik pasatzea. Mintzatu eta arazoa konpondu nahi dutela nabarmendu zuten Juan Mari Irastortzak eta Elena Argiñarenak larunbatean Lekunberrin izan zen protestaren amaieran.

Arakil eta Larrauneko bizilagunak biltzen dituen Aralar Zaindu Dezagun plataformak antolatu zuen martxa, «Aralar eta Kontserbazio Bereziko Eremua marra gorria direla eta ez direla hemendik pasako» adierazteko. Nedgiak, Nafarroako Gobernuaren eta Lekunberriko Udalaren baimenarekin, 14 kilometroko gasbide bat eraikitzea aurreikusi du Arakil eta Lekunberri artean.

Nedgiak hiru trazadura proposatu zituen: bat Leitzatik, beste bat Irurtzundik Plazaola bidean, eta azkenik, Aralar zeharkatuko lukeena. Enpresak azken horren alde egin du. Baina plataformak uste du aproposagoa litzatekeela Plazaolakoa aukeratzea, horrela dagoen bidea aprobetxatu eta ez litzatekeelako berririk egin beharko.

Eragile ugari bildu zen Lekunberrin, adibidez Jauzi Ekosoziala. Hala esplikatu zuen gatazka bideo batean: «2023an gas azpiegiturek iraganeko kontua beharko lukete iza. Klima aldaketak egunetik egunera gogorrago kolpatzen gaitu, eta bitartean administrazioen arduragabekeriek aterabiderik gabeko egoera batera bultzatzen gaituzte, erregai fosilentzako azpiegitura berriei bide eginez, honako honetan gas naturalaren alde eginez, gainbeheran datorren erregaia bera eta gainera naturarentzako bake eremuak izan diren lekuak zanpatu nahirik, kalte gutxiago eragingo lituzkeen bideei muzin eginez».