GARA
EKORA

21 urteko nekazaria zendu da Ekoran, traktorea iraulita

Lan istripu larria gertatu zen astelehen arratsaldean Ekoran (Arabako Errioxan), etxalde batean: traktorea irauli eta gidaria, 21 urteko gizasemea, hil egin zen. Rafael Fernandez Jalon alkate jeltzalearen seme Pablo da biktima.

14.00ak aldera izan zen ezbeharra. Nekazari gaztea ibilgailuan harrapatuta geratu zen eta, ahalegina egin arren, bertaratutako larrialdi zerbitzuek ez zuten salbatzerik izan.

ELA sindikatuak lan istripu hilgarri hau salatu eta gogorarazi zuen aurten Araban lanpostuan zendutako laugarren behargina dela. Nekazaritza «oso sektore prekarioa» dela ere adierazi zuen, lan erritmo «handiak» eta lanaldi «amaiezinak» nagusi direna eta erakundeen «utzikeria» pairatzen duena. Hortaz, Lakuari eskatu zion «berehalako eta benetako neurriak» har ditzala lehen sektorea «duintzeko» bidean.