GARA
DONOSTIA

«Espejoren igoerarengatik haserrea adierazi zigun Eneko Anduezak»

EAJko Aitor Esteban diputatuak gaia Kongresu espainolera eraman zuen asteazken honetan, galdera baten bitartez. Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiaren hitzekin bat egiten duen galdetu zion Estebanek Pedro Sanchez presidenteari. Mikel Zabalzaren heriotzan inplikatuta egon zen Arturo Espejo teniente jenerala Guardia Zibileko goi kargu izendatzeagatik haserrea eta lotsa sentitzen dituela baieztatu zuen Anduezak. Sanchezek, ordea, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak egin moduan, Espejoren aurkako zigor judizialik ez dagoela argudiatu zuen.

Zabalza zenaren arreba Idoia Zabalzarentzat ulertezina da Gobernu espainoleko agintariek Espejo defendatzea, oinarrizko eskubide urraketak ez ikertzea eta segurtasun indarrek egindakoaren alde azaltzea. Atxilotu ondoren, Zabalza torturatu eta hil zutela gogoratu zuen.

«ARAZOA MADRILEN»

Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak onartu zuen Espejoren igoeragatik haserrea eta lotsa sentitzen zituela. Idoia Zabalzak NAIZ Irratian baieztatu zuen hala adierazi ziola familiari pertsonalki; beraz, arazoa Madrilen dagoela ondorioztatu zuen.