Maider IANTZI GOIENETXE
BERA

Uholdearen biharamuna: Bera hondamendi eremu izendatzeko eskatu du Udalak

Berako Eztegara pasealekuan, palakadaz palakada lurra kentzen.
Berako Eztegara pasealekuan, palakadaz palakada lurra kentzen. (M. I. G.)

Biharamuna izan zen atzo Bera, Lesaka eta Aranon, eurite eta luiziek sortutako kalteak konpontzen segitzeko eguna. Gaur, astelehenez, dirulaguntzak lortzeko izapideak egiteko tenorea izanen da. Berako Udalak herria hondamendi eremu izendatzeko eskatuko du, kalte materialak handiak direlako.

Eguzkiarekin ernatu ziren atzo beratarrak, eta Udalaren deiari ezin hobeki erantzunez auzolanera atera ziren berriro. Altzateko plazan, adibidez, lohi dezente gelditzen zen oraindik garbitzeko, eta Eztegara pasealekuan lur aunitz eroria zen. Udalak eskerrak eta zorionak eman zizkien asteburu osoan auzolanean parte hartu zuten herritar guztiei. Gogorra izan zen, baina ez zen zauriturik izan eta jendea hain inplikatuta ikusteak poztasuna erantsi zion triskantzaren minari. Herriko Etxearen bi mezu: euriteengatik etxetik bota behar diren objektuak biltzeko kontainer handi batzuk paratu dituzte Bortziriak kalean eta Legian gaur arratsaldera arte. Kalteen txostena egin behar da, eta mendi eta baserri bideen hondamenen berri jaso behar dute.