Marcel PENA
MUNGIA

Euskal Eskola Publikoaren aldeko «bultzadaren» aldarrikapena

Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak Euskal Eskola Publikoaren jaia antolatu zuen atzo Mungiako Legarda ikastetxean. EAEko Hezkuntza Legea eztabaidatzeko prest dago, eta horretaz hitz egin zuen Arkaitz Aburto Ehigeko presidenteak: «Eskola publikoak bultzada instituzional eta soziala behar du, bere funtzio egituratzailea indartzeko».

Mungiak hartu du aurtengo Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia.
Mungiak hartu du aurtengo Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

 

Ekainaren lehen igandea heldu zen, eta ohikoa den bezala Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak (Ehige) Euskal Eskola Publikoaren jaia antolatu zuen, aurten Mungian, «Jagon Eskola Publikoa» lelopean. Jai giroaz gain, aldarrikatzeko momentua ere egon zen atzo egindako ekitaldi nagusian, Hezkuntza Lege proiektuaren harira.

«30 urte pasatu dira Euskal Eskola Publikoaren aurreneko jaia Lasarteko hipodromoan ospatu genuenetik. 30 urte pasatu dira ere Euskal Eskola Publikoaren Legea onartu zenetik. Lege honen printzipio eta konpromisoak indar guztia dute gaur egun, ezin da amortizatutzat eman», azaldu zuen Arkaitz Aburto Ehigeko presidenteak, Mungiako Legarda ikastetxean prestatutako espazioan, Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburuaren ondoan.

Zentzu honetan, Aburtok eskatu zuen «bultzada instituzional eta soziala» eskola publikoarentzat, «bere funtzio egituratzailea indartzeko eta sistemaren sare nagusia izatera heltzeko». Hori lortzeko, zehaztu zuen, ezinbestekoa da «eskola publikoaren berrantolaketa eta plangintza estrategikoa», «eskola publikoa behar bezala hornitzea, azpiegitura eta baliabide pertsonal zein materialei dagokienez», «kalitatezko zerbitzuak, egungo familien beharrei erantzungo dietenak» eta «gobernantza eredu parte hartzailea». Beraz, defendatu zuen agintariei dagokiela «Eskola Publikoa behar bezala hornitzea» eta, aldiz, hezkuntza komunitateari dagokiola «baliabide horiekin kalitatezko eskola publiko euskaldun eta parte hartzailea eraikitzea». «“Euskal Eskola Publikoa” izena duen altxor bat dugu eta denoi dagokigu baliabide hori zaindu, babestu eta gordetzea», adierazi zuen Ehigeko presidenteak.

Bere aldetik, Jokin Bildarratzek «Eskola Publikoak egunero egiten duen lan bikainaren» garrantzia nabarmendu zuen eta «harro» agertu zen lan honetaz. Hala ere, duela 30 urteko legeak «eguneratu eta indartu» beharra zuela eta bide honetan aurrera egiteak «guztion ahalegina eskatzen duela: elkarrekin hitz egitea, adostasuna lortzea eta helburuak denon artean finkatzea», zehaztu zuen. Gainera, Ager Izagirre Mungiako alkateak egin zuen moduan, Legarda ikastetxeren 50. urteurrena ere gogoratu zuen, eta zifra horretara heltzeko bidean balioa eman zien haren klaustroari, hezkuntza komunitateari eta zuzendaritzaren ereduari.

Ekitaldiaren amaieran, hurrengo urteko Euskal Eskola Publikoaren jaia non ospatuko den ezagutarazi zuten. Gipuzkoak hartuko du lekukoa, Ordiziak hain zuzen ere.

JARDUERAZ BETETAKO EGUNA

Ekitaldi nagusia bukatu ondoren, aurrean geratzen zen ume eta nerabeentzako jarduerez betetako egun bat. Besteak beste, puzgarriak, kontzertuak, antzerkia, jolas kooperatiboak, grafiti eta txalaparta tailerrak, bertsoak eta euskal dantzak izan ziren Mungia herrian banatutako hiru guneetan.

Kontzertuei dagokienez, arratsaldean heldu zen «Euskal Herriko runba» egiten duen Kilimak eta STR taldeen txanda. Aurreko urteetan bezala, jarduerak ez ziren igandera mugatu. Larunbatean hainbat ekintza antolatuta zeuden, hala nola TOC mungiarren kontzertua, eta Trikizio trikitilari taldearena.