Iraitz MATEO
LIZARTZA

Ina Zeberio gogoan, «bertsio ofizialen kutxa iluna» irekitzeko eskakizuna

Bertsio ofizialek ezkutatzen dutena argitara ekartzea eskatu zuten Lizartzan, Ina Zeberioren heriotzaren 25. urteurrenean. Egia, aitortza eta erreparazioa aldarrikatu zituzten. Zeberioren kasuan, bertsio ofizialak utzitako hari solteak ikertzen jarraitzeko eta lekukoak izan zirenen kontakizunak aintzat hartzeko galdegin zuten.

Ina Zeberioren oroimen ekitaldia, bere jaioterrian, Lizartzan.
Ina Zeberioren oroimen ekitaldia, bere jaioterrian, Lizartzan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gernikako Picasso kaleko pisuan Ertzaintzak egindako operazio batean hil zuten Ina Zeberio lizartzarra 1998ko ekainaren 5ean. 25. urteurrena kari, oroimen ekitaldia antolatu zuen atzo Egiari Zor Fundazioak. Oraindik «egia osoa» ez dakitela salatu zuten. Bertsio ofizialak argitu gabeko galderak eta itzalak argi ditzala eskatu zuten Lizartzan.

Fundazioak aitortza, justizia eta erreparazioa aldarrikatu zituen, «diskriminaziorik gabe». «Egia oinarrizko elementua da, gertatutakoaren memoriaz hitz egitean edo elkarbizitzaren eraikuntzan».

Pilar Garaialde bozeramaileak Poliziaren indarkeriaren, salbuespenezko espetxe politikaren, eskuin muturraren, gerra zikinaren eta torturaren ondorioz hildakoak aipatu zituen. Eta horietan erabilitako bertsio ofizialak «Poliziaren ekintza justifikatzeko, edo hildakoa bere heriotzaren erantzule eginez benetako krimena ezkutatzeko» erabili izana salatu zuen.

Zeberioren kasuan, «Ertzaintzaren balizko erantzukizuna ezabatzeko erabili zen bertsio ofiziala», gaineratu zuen. Garaialdek azpimarratu zuen bertsio hori inoiz ez zela baieztatu ikerketa judizialean praktikatutako frogen bidez; «Ina hil zuten unean berarekin zeudenek argi adierazi zuten tiro egiten lehena Ertzaintza izan zela, tarteko inolako arrazoirik gabe». Eta jarraian galdera bat bota zuen: «Ertzaintzak Ina atxilotu edo hil egin nahi zuen?».

BERTSIO OFIZIALEK OSTENDUTA

Egiari Zor fundazioko ordezkariak salatu zuen urteak daramatzatela «bertsio ofizialen kutxa iluna irekitzeko beharraz ohartarazten».

Sekretu ofizialei buruzko Legearen indargabetzea oraindik errealitate ez izatea kritikatu zuen: «Indarrean dagoen demokraziaren kalitate eskasaren eta kasu hauek argitzeko borondaterik ezaren frogak dira frankismo garaian, trantsizioan eta ustezko demokrazia honetan gertatutakoak». Estatu espainoleko agenteek egindako giza eskubideen urraketa gehienak argitu gabe daudela salatu zuen.

Gehitu zuen, halaber, elkarbizitza demokratikoaren kontzeptuak konfrontazio armatuaren ondorioen gainditzea exijitzen duela, «pertsona guztien eskubide guztiak bermatzea, baina baita ere, izaera politikoa duen gatazkaren arrazoiei heltzea».

EKAINAREN 5EKO GAUA

Ertzaintzaren tiroketa baten ondorioz hil zen Ina Zeberio Gernikan, 13 bala kolpe eta balek eragindako 24 zulo gorputzean zituela. Francisco Markez Zelaia eta Iñaki Bilbao Gaubeka kideak berekin zeuden pisuan, eta haiek diote Ertzaintza «arrazoi argirik gabe» hasi zela tiroka, Zeberio akabatu arte.