Estigmak uxatzeko ez da jana partekatzea baino hoberik
Arantzazulab laborategiak eta Kutxa Fundazioak Klik Programa jarri dute martxan, herritarrak 2030eko Agendara hurbildu nahian. Urtero helburu bat jorratuko dute eta gose ezarekin hasi dira. Ekintza bereziak proposatzen ari dira ekain osoan; adibidez, jatetxe bihurtu dute Jatorkin Al-Nahda jantoki solidarioa. Bertan bazkaldu nahi duzue?

Jatorkin Al-Nahda elkarteak egoera zaurgarrian dauden pertsonei bazkaltzen ematen die Donostiako Aiete auzoan. Joan den astean, Klik Programaren barnean, herritar orori irekitako jatetxe bilakatu zuten jantoki solidarioa, ezagutarazteko eta sentsibilizatzeko asmoz. Bezero gisa joan edo sukaldari, zerbitzari edo garbitze lanetan aritzeko aukera eman zuten. Guk ere egin genuen klik, eta kolpe batez uxatu genituen aurreiritzi guztiak.
Belizalde kaleko bosgarren zenbakian dago etorkinen aldeko elkartea. Barrenean bazkaldu ohi dute, baina oraingoan karpa bat muntatu dute lorategian. Berehala egin digute tokia. «Paella goxoa duzue, untxiarekin. Entsalada, gulak eta haragi pikatua patatekin». Zerbitzariak goraino bete dizkigu platerak, eta irribarrez ibili da untxi bila paella-ontzian, ahalik eta puska gehien paratzeko. Erabiltzaile bezala etorri zen eta orain boluntario dabil.
Giro lasaia eta alaia dago. Rosa Irastorzaren ondoan eseri gara. Donostiarra da eta «nahasteko eta ezagutzeko» gogoak ekarri du. Oliba min bat jan eta ura tragoan edan du. Erramu eta espezie bizien ukitua dute platerek. «Habitik atera eta zabaldu egin behar dugu», erran du.
Menbrilloa eta kafea hartuta mahaiburura mugitu gara. Han daude Mohammed, Fahd, Redouane, Nora eta Ruben. Erabiltzaileak dira aurreneko hirurak, langileak azken biak. Jatorkinekoek Tolosan eta Donostian egiten dute lan. Aieten arropa garbitu eta gordetzeko aukera ematen dute, medikuarekin zita hartzen eta lana bilatzen laguntzen dute, eta bazkaria eta gaztelania klaseak ematen dituzte. Hori dute lehentasuna, baina euskara ere jasotzen ari dira eta hitz batzuk egiten dituzte. «Oso irakasle ona da», erran du Redouanek Rubeni buruz. Bihurri aurpegiko gaztea txantxetan dabil, ez dirudi gauero kalean lo egiten duenik.
ASTEBURUAN, GOSEAK
«Astelehenetik ostiralera ez da inor goseak gelditzen. Baina asteburuan ez dago jangelarik eta esnea eta gailetak eramaten ditugun arren, ez da aski tripa-zorriak isiltzeko», adierazi du Mohammedek. Marokoarrak dira erabiltzaile gehienak, Balkanetako bidetik etorriak. «Hilabete eta erdi pasatu nuen oinez», kontatu du Redouanek. «Gu hamar orduz igeri egin ondoren heldu ginen», azaldu dute duela zortzi hilabete etorri ziren Mohammed eta Fahdek. «Gaur hondartzan egingo dugu lo», diote.
Astean behin mintzatzen dira familiarekin eta ongi daudela erraten diote. Amatxiri lagundu nahi dio Fahdek, Mohammedek surfeko entrenatzaile izan, Redouanek ingelesa ikasi. «Han diplomak badituzu, baina lanik ez». Hobeki egotera etorri dira. Gurpil zoro batean sartzen dira, ordea: paperik gabe ez dute lanik, lanik gabe ez dute paperik. Mohammed adin txikikoa zen etorri zenean. Orain 18 ditu. Fahdek 21 ditu eta Redouanek, 23.
DENBORA AUNITZ TRISTE
Denbora luzean triste egoten direla adierazi dute. Ruben beren azalean jarri da: «Imajinatu 18 urte dituzula eta kalean zaudela, zure hizkuntza hitz egiten ez den herri batean, janaririk gabe. Imajinatu, gainera, jende batek gaizki begiratzen dizula».
Horren inguruan, herritar batzuek, gurutzatzean, poltsari heltzen diotela sumatu arren, oro har ongi hartzen dituztela erran dute gazte marokoarrek.
Norak ukrainarrei egiten zaien harrera defendatu du guztientzat. «Sarri errazagoa dute tabakoa lortzea janaria baino», salatu du langile tolosarrak. Aita palestinarra du. Txikitatik ikusi ditu «injustizia asko» eta beti lagundu nahi izan du. Aldarrikatu duenez, arruntagoa izan beharko luke etorri berriak ezagutzeak. Ikasteko gogoz daudela eta arazoa kalea dela azpimarratu du, baita azala ere.
Ruben «oso gustura» dago Jatorkinen. «Estigma guztiak desagertzen dira ezagutzen dituzunean. Denok gauza bera nahi dugula ohartzen zara».
Agurtu baino lehen, Saad Malec elkartearen arduradunak kontatu digu 80 pertsona etortzen direla egunero eta haiek hartzeko espazio handiagoa lortzea dutela erronka nagusia. Bagoaz. Gure klika, kronika hauxe eta donazio ttiki bat.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk
