Hamar ikasleri diploma emanez bukatu da Artzain Eskolaren urtea
Artzain Eskolaren hogeita seigarren ikasturteko prestakuntza ikastaroa atzo bukatu zuten zortzi mutilek eta bi neskak. Berrikuntza pedagogikoan eta teknologia aplikatuetan oinarritutako hezkuntza eredua nabarmendu zuten ekitaldian.

Ingurumenarekin arduratsuak diren produkzio prozesuetan, berrikuntza pedagogikoan eta teknologia aplikatuetan oinarriturik, hogeita seigarren ikasturtea amaitu zuen atzo Arantzazuko (Oñati) Artzain Eskolak. Kurtso honetan, zortzi mutilek eta bi neskek eskuratu dute diploma.
Ikasketak burutu dituzten hamar horietatik zazpi 30 urtetik beherakoak dira eta lauk oraindik ez dituzte 20 urte bete. Bat Arabakoa da, zortzi Gipuzkoakoak dira, eta beste bat Lapurdikoa. Zazpik artalde propioa dute.
Lakuako Gobernuaren arabera, Arantzazuko eskolak ardi eta ahuntz sektorea gaztetzeko eta belaunaldi aldaketa ziurtatzeko betetzen duen «zeregin garrantzitsua» bermatzen dute zifra hauek.
Gainera, diplomak eta makilak emateko ekitaldian gogorarazi zutenez, azken urteotan prestakuntza eskaintza bederatzi hilabetera iritsi arte zabaldu dute, eta behar berriei erantzuteko moduluak erantsi dira.
Bestalde, digitalizazioan, ekoizpen ekologikoan eta terapia alternatiboetan «gailurrean egoteko» lanean ari dira.
26 ikasturteotan 317 pertsona prestatu dituzte. Etengabeko praktika egiten dute eta prozesu guztiak oso-osorik ezagutzen dituzte, animalia zaintzetik esnekiak saldu arte. Behizain Eskolaren sorrera ere bultzatu zuten.
Lakuako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordeak, Bittor Orozek adierazi zuen eskolak lanean diharduela artzaintza bizirik mantentzeko eta Latxa ardi arraza kontserbatzeko.

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
