Ibai AZPARREN
IRLANDAKO GAELIKOAREN EGOERA

Irlanderaren aldeko erronka, Gaeltachtetik Dublinera

Donegalen, Gleann Cholm Cille herria irlanderaren babesleku gisa berpiztu da. Erronka historikoak gorabehera, hizkuntza zelta bizirik irauteko borrokan ari da Gaeltacht eremuetako komunitatea. Baina dena ez da mendebaldean amaitzen: Dublindik Belfastera, hizkuntza sustatzeko ekimenak ugaritu egin dira.

Oideas Gael eskolako ikasleak, eta Irlandako mendebaldeko kosta, Donegal konderrian.
Oideas Gael eskolako ikasleak, eta Irlandako mendebaldeko kosta, Donegal konderrian. (OIDEAS GAEL - GETTY)

E z da erraza Gleann Cholm Cille-ra iristea. Ulster probintzian kokatuta dagoen herri honek 220 biztanle baino ez ditu eta Gaeltacht-en parte da, tradizionalki irlanderaz hitz egin ohi den aldea. Arnasgune geografiko bat dela esan daiteke. Izan ere, gaur egun, gutxi gorabehera 70.000 pertsonak hitz egiten dute Irlandako gaelikoa hizkuntza nagusi gisa, eta zifra hori beti begiratu behar da, kontuan hartuta irlako biztanleria sei milioi biztanle ingurukoa dela. Baina hori bai, gutxienez bi milioik bigarren mailako hizkuntza gisa erabiltzen dute.

Blue Stack-eko mendiak harrotasunez goratzen dira, txilar purpurazko mantu batez estalirik, zeruko urdin amaigabearekin kontrastean. Bidean, behiak, ardiak eta traktoreak; hori guztia beren landa-xarma zaintzen duten herriez inguratuta. Gleann Cholm Cille Donegaleko herria da, Ulsterreko hiru konderrietako bat, Irlanda iparraldeko zati britainiarra ez dena. Bertan, Ronan dugu zain, Oideas Gael-eko kidea, helduei soilik eskainitako irlandera irakasten duen eskola. «Urtebetean 2.000 ikasle inguru ditugu, eta 60 irakasle. Ikastaro publikoak dira; beraz, edonor etor daiteke, pare bat astez edo seihileko erdiz. Neguan, inguruko biztanleei eskolak ematen dizkiegu. Ez hainbeste hizkuntza klaseak, baina bai artisautza, ehuna, puntua eta horrelako kurtsoak», azaldu du.

Guztira zortzi maila daude, eta «denetan ahozko adierazpen gaitasuna ikasi eta praktikatzen da. Gramatika ikasten dute, baina praktikoki. Eta, horretaz gain, hizkuntza berarekin doan kulturarekin erlazionatzen dira ikasleak», adierazi du Ronanek. Oraindik ipuin kontalariak daude inguruan, eta musika tradizio handia ere badago. «Gaur gauean Irlandako flauta kontzertu bat dugu», zehaztu du.

Ronanen bulegoko mahaian dagoen katiluko tea dantzan hasi da, eraikinera sartzen ari diren ehunka ikasleren urrats presatuen eta barre kutsakorren hotsek astinduta. Geletako batean Bryan dago, duela egun batzuk Brooklyndik iritsi zen jatorri irlandarreko estatubatuarra. «Irlandako musika maite dut, eta nire jatorriagatik zerikusirik ez dudan hizkuntza batean soilik komunikatu naitekeela konturatu nintzen. Estatubatuar gisa ere lapurtutako lurralde batean bizi naizela sentitzen dut, eta baita haien hizkuntzak babestea eskatzen ari diren beste pertsona batzuekiko elkartasuna ere», adierazi du. New Yorkeko irlandar elkarte bateko kidea da, eta beka baten bidez iritsi da Gleann Cholm Cillera. «Hemen musika, dantza, hizkuntza, lurra, dena, gauza bakarra da. Dena bat da», gehitu du.

Nicholas Bostonen bizi da eta eskolan izena eman duen hirugarren aldia da. «Duela zortzi urte ikastaro bat egin nuen Dublingo Trinity College unibertsitatean, non irlandera klub bat zegoen. Garai hartan, Estatu Batuetan, Ingeles Filologiako ikasketak ikasten ari nintzen, eta azken tesia idaztea erabaki nuen, literatura ingelesa eta irlandarra alderatuz. Denbora asko ematen dut irakurtzen edo irlandera entzuten, baina ez da gauza bera; murgiltzea beharrezkoa da», adierazi du.

Ikasleen %40 inguru Irlandatik kanpokoak dira, Ronanen arabera. Aste honetan Zeelanda Berriko, Australiako eta Errusiako jendea etorri da, adibidez. «Duela bi aste Euskal Herriko andre bat etorri zen. Askotan hango edo Bretainiako jendea etortzen da, neurri batean egoera ezagutzen dutelako», zehazten du. Baina irlandarrak ere etortzen dira. Deirdre-ren kasua da. «Beti egin nahi izan dudan zerbait zen, irlanderaz gehiago eta hobeto hitz egiteko gai izatea. Sentitzen dut argi hitz egiten dudala irlanderaz hitz egiten dudanean, nolabait arimatik egingo banu bezala. Irlandaren deskolonizazioa ere interesatzen zait, eta uste dut hori ere horren parte dela», adierazi du.

ERRADIOGRAFIA

Irlandako gaelikoaren historia gorabeheraz beteriko odisea bat da. Erromatarren aurreko garaian Europa kontinentalean hitz egindako antzinako hizkuntza zeltetan ditu sustraiak, eta gaelikozko azpifamilian irlandera, eskoziar gaelikoa eta manesa daude. XII. mendean Ingalaterrako koroa iritsi zenean, erronka eta errepresio garai bat hasi zen gaeliko irlandarrarentzat, uharteko jatorrizko kultura eta hizkuntza baztertuz eta gutxietsiz. Baina gaelikoaren erabilerak Irlandaren nortasuna eratzen jarraitu zuen mendeetan, baita Britainia Handiaren mende egon ondoren ere. Hala ere, 1840ko hamarkadako Gosete Handiak milioi bat biztanle baino gehiagoren heriotza eta nekazarien hondamendia eragin zituen, euren lurrak utzi eta masiboki emigratu zutenak. Hala, irlanderaren hiztunen kopuruak behera egin zuen ezinbestean.

Irlanda 1922an Britainia Handiko estatu independente bihurtu zenetik, bertako erakundeek irlandar gaelikoaren erabilera eta ezagutza bultzatu dute. «Irlanderak, hizkuntza gutxitua izan arren, estatuaren laguntza du. Paperean behintzat, gure izapide guztiak irlanderaz egiteko eskubidea dugu. Eta, jakina, Irlandan eskolara doazen haur guztiek ikasten dute hizkuntza neurri bateraino, lau urte dituztenetik 17 edo 18 urte dituzten arte. Eta gero murgiltze eskola hauek ditugu, non dena irlanderaz ikasten den», azaldu du Ronanek.

«Irlandako zati handi bat konderrietan banatuta dago, eta eskualdeko kontseiluak ditugu. Horietako askok bekak eta beste laguntza batzuk ematen dituzte ikasten jarraitzeko. Irlanderazko telebistak ditugu, zenbait hedabide, eta urtero irlanderazko 400 liburu argitaratzen direla uste dut. Gainera, aurten arrakasta izan du ‘The quiet girl’ edo ‘An cailín ciúin’ filmak, irlanderaz egin eta Oscarretara iritsi den lehena», aipatu du.

Dialekto ezberdinak ere baditu. «Uste dut euskararen euskalkiak oso desberdinak direla beren artean, eta hori ez da irlanderarekin gertatzen. Baina hiru dira nagusiak: Ulsterrekoa, Connachtekoa eta Munsterrekoa; hau da, iparraldekoa, mendebaldekoa eta hegoaldekoa». Ez dago Leinsterren, irlandera kanporatua izan zen Irlandako lehen «probintzia», eta Dublin hartzen duena.

ZERGATIK HIZTUN HAIN GUTXI?

Nahiz eta idazkun guztiak irlanderaz egon, uhartean ingelesez hitz egiten da, eta are gehiago Dublinen. Hala ere, hiriburuko Harcourt Streeten Conrad na Gaeilge aurkitu daiteke, irlandera sustatzeko erakundea. 1893an sortua, berpizkunde gaelikoaren sustatzaile nagusia bihurtu zen. 1916ko Errepublikaren Aldarrikapenaren sinatzaile gehienak Liga honetako kideak ziren. Bertan, Caolan Mac Griannak sortzaileen erretratuak erakusten ditu, eta baita irlanderazko liburu guztiak gordetzen dituen liburu denda. «Conrad na Gaeilge-ren 200 sukurtsal inguru ditugu, batez ere Irlandan eta konderri ezberdinetan, baina atzerrian, Europan, Amerikan, Zeelanda Berrian, Asian... ere baditugu, irlandar hiztunen komunitateak biltzen eta hizkuntza sustatzeko lan egiten duten edozein lekutan»

Irlandako Estatistiken Bulego Nagusiaren arabera, %6,01 igo da irlanderaz hitz egin dezaketen pertsonen kopurua, 2016ko %39,8tik 2022ko %40ra. Ezagutza handitu arren, hiztun kopurua murrizten ari da. «Irlandera Gaeltacht eremuetan erabiltzen da gehien bat, eta biztanleria zahartzen eta hiltzen den heinean, gutxitzen doa. Gainera, belaunaldi gazteek bere jatorrizko lurralde horiek uzten dituzte, etxebizitzaren kostuarengatik».

Errepublikako beste alderdietan, ikasle gehienentzat eskolako hizkuntza baizik ez da. «Zaila da gurasoentzat egun hauetan, haurren inguruko guztia ingelesez dagoenean. Eta zaila zen lehen ere. Adibidez, XX. mendearen hasieran, irlandarrek ingelesez hitz egiten zieten beren seme-alabei, horiek aukera gehiago izateko Ameriketara, Eskoziara edo Ingalaterrara emigratzerakoan».

Irlandako iparraldeari dagokionez, 1998ko Ostiral Santuko akordioen ondoren eta, batez ere, azken urteetan aurrerapen batzuk izan direla dio. «Orain, hizkuntza irlanderaren komisionatu bat sortuko dela agintzen da, eta, beraz, eskubide gehiago egongo dira irlanderaz hitz egiten duten pertsonentzat. Baina beti daude blokeoak. Izan ere, hegoaldean normalizatuta dauden gauzetako asko egunero borrokatzen ari dira iparraldean».

Horrela, egoera aldatzeko «gauza asko» egin behar direla azaldu du. «Irlanderazko eskola berriak irekitzea errazten saiatzen ari gara. Oraindik konderri batzuek ez dute batere, eta hala izatea nahi genuke. Haur batzuek dena egiten dute irlanderaz 10 edo 11 urte bete arte, eta gero ez dute aukerarik gainerako hezkuntza irlanderaz ikasteko. Baina eskolatik irteten direnean, irlandera erabiltzeko arrazoiak izatea ere nahi dugu, eta horrek esan nahi du nahi genukeela irlandera beharrezkoa den lanpostu gehiago egotea. 2030erako funtzionario berri guztien %20k irlandera jakin beharko dute, borrokatu dugun lege bat onartu ostean».

Irlandera hizkuntza ofiziala da Europako Batasunean iaztik, eta horrek ere lagundu egingo duela uste du. «Irlandarrarentzat zoragarria izan da, Europa mailan estatusa eman digu. Irlandaren alde ere asko egin du, Europako hizkuntza izateak Irlandako Gobernua egin beharrekoaz gehiago jabetzea eragin duelako», nabarmendu du. «Orokorrean baikorra naizela esango nuke, bai, baina gobernuek egindako promesak bete behar dituzte; etxebizitzaren krisia konpondu behar da, jendeak bere komunitateetan bizi eta lan egin dezaten, eta hezkuntzan eragin, noski».