Nekazaritza lurren %6 soilik da ekologikoa Euskal Herrian
Gaur ospatzen da «Organic Day», ekoizpen ekologikoaren Europako eguna, eta, horren harira, Ekolurrak zenbait datu eman ditu argitara: nekazaritza lurren %5 ekologikoa da EAEn, eta %7 Nafarroan, Europak 2030erako ezartzen duen %25etik urruti.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nekazaritza lurren %5 eredu ekologikoan lantzen da; Nafarroaren kasuan, zertxobait gehiago, %7. Hala, Europako Itun Berdeak zehaztutako helburua erdiesteko urruti dago Euskal Herria, zehazten baitu 2030ean nekazaritza lurren %25 izan behar dela ekologikoa, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (Ekolurra) atzo gogora ekarri zuenez.
EAEren kasuan, ekologikora bideratutako azalera ekoizpenaren arabera aztertzen bada, ortugintza (%19,2) eta frutagintza (%21,05) Europak eskatzen duen laurden horretatik gertuago daude. Orotara, 2.600 produktuk daukate eredu ekologikoan ekoitzi direla bermatzen duen ziurtagiria.
Ekolurrak jakinarazi zuenez, 2016tik gaur arte ekologikoan ziurtatutako nekazaritza lurren azalera ia hirukoiztu egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrela, 2022an Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak ekoizpen ekologikoa lantzeko 1.237,28 hektarea berri ziurtatu zituen.
Gaur “EU Organik Day” ospatzen da Europan, zehaztutako helburura -nekazaritza lurren %25 ekologikoa- iristeko bideak asmatzeko eguna.
Ez da bide erraza izango: Europan, nekazaritza lursailen %9,1 da ekologikoa. Hala ere, badira Itun Berdeak 2030erako zehaztutako helburua jada lortu duten herrialdeak. Horien artean dago Austria, nekazaritzara bideratutako lursailen %26,4 ekologikoan lantzen baita bertan, eta erronka betetzetik oso gertu dago Estonia ere, %23ko langara iritsi berri baita.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

«Están naciendo niños cuyo abuelo está en la cárcel, esto no es normal»

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko
