Emakumeek gizonek baino %13 gutxiago irabazten dute EB-n
Lan berbera egitearen truke, Europako Batasunean emakumeek gizonek baino %13 gutxiago irabazten dute batez beste, Europako Batzordearen arabera. Hori dela eta, gizon batek irabazitako euro bakoitzeko emakume batek 0,87 euro baino ez ditu jasotzen.

Europako Batasunean emakumeek jasotzen dituzten soldatak gizonezkoenak baino %13 baxuagoak dira batez beste, Europako Batzordeak emandako datuen arabera. Atzo ospatu zen Soldata Berdintasunaren Egunaren harira eman du datua.
«Horrek esan nahi du gizon batek irabazitako euro bakoitzeko emakume batek 0,87 euro besterik ez duela irabazten», adierazi zuen Batzordeak ohar batean.
Beste era batera esanda, Europako Batasunean emakume batek egun gehiagotan lan egin behar du urtean gizonen diru sarrera berberak lortzeko.
«Soldata Berdintasunaren Egunak adierazten du emakumeek urte amaierara arte zenbat egun gehiago lan egin behar duten, urte berean gizonek irabazitakoa irabazteko», deitoratu zuen Europako Batzordeak.
Vera Jourova eta Helena Dalli Balio eta Berdintasunerako komisario europarrek adierazi zutenez, azaroaren 15ak «generoko soldata arrakalarekin bukatzeko ahaleginetan jarraitu behar dugula gogorarazteko balio digu».
«Lan berarengatik edo balio bereko lanarengatik soldata berdintasuna da EBren sorrerako printzipioetako bat», nabarmendu zuten.
«Enpresa bakar batek ere ez lioke gutxiago ordaindu behar emakume bati, bere gaitasunak, ahalegina, erantzukizuna eta lan baldintzak gizonezko lankideenarekin bat egiten badute», gaineratu zuten.
BANKUEN ARDURA
Estatu espainolean bankuek eta kredituko finantza erakundeek (KFE) beren plantilletako generoko soldata arrakalaren berri eman beharko dute 2024tik aurrera eta hiru urtetik behin, Espainiako Bankuaren zirkular berriaren arabera.
Espainiako Bankuak adierazi zuen erakundeek ordainsariez eman beharreko informazioa bat datorrela Bankuen Europako Agintaritzak (EBA) aurreikusitakoarekin, diru sarrera handienak dituzten kideen soldatak alderatzeko lanean. EBAk ordainsariei buruzko jarraibideak argitaratu zituen 2022an, Europako zenbait zuzentarauri jarraituz, ordainsariei buruz igorri beharreko informazioa eguneratzen eta zabaltzen duena.
Hala, soldatei buruzko informazioa arautzen duen legean aldaketak egin dira, erakundeak hiru urtean behin generoko soldata arrakalaren berri ematera behartzeko.
Erakunde txikiek eta «konplexuak ez diren» erakundeek ez dute txosten hori bidali beharko, ezta, banaka hartuta, 50 langile edo gutxiago dituzten erakundeek ere. Europako Batasuneko beste estatu bateko erakunde nagusien filialak ere salbuetsita daude.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
