GARA
IRUÑEA

Teilatu batean lanean ziharduen 42 urteko langilea hil da Arriben

Araitz bailarako Arribe herriko Orella auzoko etxebizitza bateko teilatuan lanean ari zen 42 urteko eraikuntzako langilea hil zen atzo, Foruzaingoak ezagutzera eman zuenez. Gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du biharko, Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitzan.

Lan istripuen aurkako elkarretaratze bat, Iruñean.
Lan istripuen aurkako elkarretaratze bat, Iruñean. (I. ZABALETA | FOKU)

Araitz bailarako Arribe herrian izandako lan istripuan 42 urteko gizonezko bat hil zen atzo. Goizeko 9.02an deia jaso zuten SOS Nafarroa 112 larrialdien zerbitzuan. Guardiako mediku taldea, SOS Deiak-en anbulantzia medikalizatu bat (gertutasunarengatik) eta Iruñeko komisariako foruzainak hurbildu ziren bertara.

Orella auzoko etxebizitza batean lanean zebilen 42 urteko gizonezkoa zortzi metroko altueratik erori zen, Foruzaingoak zabaldu duenez. Larrialdietako zerbitzuak bertara heldu zirenean, erreanimazio lanak egiten saiatu ziren, baina langilea hilik zen ordurako.

Gorpua Nafarroak Medikuntza Legaleko Institutura eraman zuten autopsia egiteko. Foruzaingoak istripua ikertzeko ardura hartu zuen.

ELKARRETARATZEA

LAB, ESK, Steilas, EHNE, HIRU eta CGT/LKN sindikatuek salatu zuten 2024 urteak, bere lehen bi asteetan, lau langile hildako utzi dituela Euskal Herrian. Hori salatzeko eta elkartasuna adierazteko, mobilizazioa antolatu dute bihar, 12.00etan, Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean.

Joan zen astean Aginagako Viveros de Mariscos Viuda e Hijos de Jeronimo Izagirre enpresan altuerako beste istripu bat izan zen, eta LABek esan zuen langile bat oso larri dagoela. ELAk nabarmendu duenez, «altuerako erorikoak dira lan istripuek eragindako heriotzen lehenengo kausa. Erraz saihets daitezke oinarrizko segurtasun neurriekin, eta, hala ere, iaz gutxienez bi pertsona hil ziren horren ondorioz, eta aurtengo lehena [Nafarroan] arrazoi beragatik hil da».