Axier SANCHEZ GURUZETA
KOLABORAZIOA

Hurrengo pausoa martxoaren 1ekoa izango da

Bueno, ea datorren kanpainan...». Urtero gure etxean aitaren ahotik entzuten den esaldia da. Artzaia da. Azken urte hauetan gauzak gaizki doaz. Bi urte atzera joanda, lehortea zela medio ardi asko antzu (ez zuten umerik egin) atera ziren eta belarretan lehortearen ondorioz ateratako onddo baten eraginez beste mordoxka bat hil. Negurako belarrik ez eta pentsua ikaragarri garesti. Esnearen prezioa aldiz berdin. Desastre. Nekazal turismoak salbatu gintuen.

Aurtengo kanpainan, lehengo udaran, belarretan, traktorea irristatu eta maldan behera joan zen aita barruan zela. Zuhaitz baten kontra gelditu zen. Eskerrak! 6.000 euro trastearen konponketa. Berri bat erostea ezta pentsatu ere, etorkizuna sektore honetan, gauzak dauden bezala, oso beltza baitator. Kanpaina hasterako galtzen... Aurtengo ICM (gure lurrak aldapaz josita daudelako kobratzen dugun dirulaguntza) traktorearentzat. Kobratzeko egunean, Foru Aldunditik gutun ziurtatu bat jaso genuen, orain arteko irizpideak aldatuz, dirulaguntza hori ez dugula jasoko informatuz. Pluriaktibitatea omen daukagu. Gurasoen lehenengo hitzak: «Nahastu egin dira, baserritik bizi gara etxe honetan...». Ez! Ez dira nahastu. Nekazal turismoa baserritik kanpoko aktibitatea dela esaten dute, nahiz eta baserriaren aktibitatea (eta ez edozein) behar-beharrezkoa den nekazal turismoa izateko. Ez gara ondo hasi.

Esnearen prezioa igo dute. Ze ondo! Ea bada... Azkenengo urteetako albiste onenetakoa. Duela bi urte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak “Foro Latxo” izeneko bilerak antolatu zituzten, bertan sindikatuak, industria eta instituzioak zeudela. Orduan Behatokia izeneko erakunde publikoak ardi latxaren esne litroaren prezioak 1,62 eurokoa behar zuela adierazi zuen artzainen errentagarritasuna bermatzeko.

Han ziren artzainek ez zuten urrutitik ere hura kobratzen eta han zeuden industriek ez zuten hura ordaintzen. Handik atera ziren eta ez zen ezer ere aldatu. Bueno, bai, artzainen errentagarritasun faltari zigilu ofiziala jarri zitzaion.

Horren aurrean ezer egin duen bakarra EHNE sindikatua izan da. Produkzio prezio azpitik ordaintzeagatik salaketa jarri Ministerioaren aurrean. Hemendik eskerrak, bai sindikatuari, baita salaketa jarri duten artzainei ere, ze industriek berriz esnea ez erosteko arrisku bizian jarri dira.

Lehenago esan bezala, aurten prezioak gora egin du. Kasualitatez industriako enpresa guztiek prezio igoera berbera egin dute. Zergatik? Atera kontuak...

Gauzak horrela, etxeko martxa ikusita, egunero goizeko 06.00etan altxa eta lana jo eta su eginez, instituzio, industria eta abarren trabak pairatuz eta etorkizunak zer ekarriko digun pentsamendu beltzak buruan bueltaka, oso zaila ikusten dut nire aita eta amaren bidea jarraitu ahal izatea. Ziurrenik, hau aldatzen ez bada behintzat, ni banoa. Beraiekin bukatuko da gure etxea.

Itsaso beltz honetan, aspaldi ez dugu hanka lurrean jartzen, igeri ari gara arnasa hartzeko. Itsasertza gero eta urrutiago ikusten dugu, mareak atzeraka eramaten baikaitu. Daukagun aukera bakarra hainbeste maite dugun gure jardueraren alde borrokatzea da. Hurrengo pausoa martxoaren 1ekoa izango da. Hantxe ikusiko dugu elkar!