Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Memoria argazkiak

Etorkizuneko artefaktua” abiatu zenetik, iraganari so egiteak dakarren memoria ariketa egiteaz gain, nostalgia puntu bat sumatu dut. Nostalgiaz estalitako nire artxibo partikularrean gordeta nuen elkarrizketa bat berreskuratu dut egunotan. Bertan, honezkero erretiratuak diren kazetari eta argazkilari baten nondik norakoak biltzen dira. Izan ere, garai batean, elkarrekin joaten ziren bi profesionalak, eta bata eta bestearen begiradak beharrezkoak ziren.

Orain ezberdin kontatzen da errealitatea eta begiradak faltan dira maiz. Pandemiatik lau urte igaro direnean, hildakoen memoria testuak bildu beharrean, moralik gabeko ustelkeriaren argazkia besterik ez dugu. Ukraina eta Errusiaren arteko gatazkaren bigarren urtemugan 10.000 zibilen heriotzaren berri eman digute, baina oraindik ere preso dugu kronika zorrotzenak idatz ditzakeen kazetaria. Ez dago bere argazkirik, ez eta apenas lau hilabetean Gazan hil dituzten 30.000 lagunen genozidioaren benetako dimentsioa jasoko duen irudirik ere. Baina badut igande honetan Gasteizko Zaramaga auzoan jazoko denaren argazkian esperantza jarrita eta baita protagonistek idatziko duten historian ere. Haiek dira duintasunaren irudi eta haiek idatz dezatela argazki-oina, 1976an norbaitek hildakoen odolez lurrean justizia hitza idatzi zuen moduan.