Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Esan duzuna

Esan duzu askatasuna maite duzula. Izaki librea izan nahiko zenukeela. Esan didazu basamortua zure bake-lekua dela, eta han biziko zinatekeela zoriontsu.

Esan diguzu turistekin egiten zenuela lan, bertako usain eta ohiturak erakutsiz. Esan didazu ingelesez oso ongi moldatzen zarela, zure bi ama-hizkuntzez gain. Esan duzu euskara interesatzen zaizula, orain ikasi nahi duzula. Esan duzu gutuna nahiko zenukeela euskaraz idatzi. Esan didazu nola agurtu, zoriondu eta eskertu zure etxean.

Esan diguzu tea nahiago duzula kafea baino. Esan diguzu bizikletaz ibiltzea gustuko duzula -eta zure lagunek horrela ezagutzen zaituztela-.

Esan diguzu hemen familia bat aurkitu duzula. Esan duzu gurutzatu behar izan duzula Magreb osoa, Turkiaraino. Turkian harrapatu eta atxilotu egin zintuztela. Buelta etxera. Baina etxean ez zenuen nahi geratu. Beste ortzi-muga baterantz joan behar zenuela. Esan duzu saiatu zinela berriz, bide bera hartuz. Kamioi baten azpian egin zenuela bidea, oinez eta trenez ere bai. Esan duzu heldu zinela hona, eta geratu nahi duzula.

Esan diguzu ez duzula inoiz ahaztuko bidaia hori -odisea, erran badezaket-. Eta zuk esan duzun guztia nik ez dut ahaztuko.