Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Desgaraian negu?

Akaso, hau da askok zuen buruari egin diozuen galdera azken egun hauetan eguraldiak erakutsi duen negu aurpegia kontuan izanda. Negu meteorologikoa joan zaigu eta joan berri den neguak ere negutik gutxi izan du.

Abenduko lehen erdian euri batzuk eta sasoiko tenperaturak izanagatik, bigarren erdiak tenperatura epelak eta giro lehorrak ekarri zizkigun. Urtarrilean bazirudien elurte polit bat etorriko zela, baina azkenean ezerezean geratu zen, azkenean tenperatura epelak izan zirelarik. Eta otsaila ere, azken egunak kenduta, barregarria izan da, oso tenperatura altuak izan baitira. Alde positibo bakarra, nahikoa euri egin duela.

Hala, martxo hasierako joera hau normala al da? Bai, oso normala da. Martxoan badaki negu beteko giroak egiten eta elurra ikusi dugun baino are beherago egiten. Pirinioetako elurrak bai, horiek normaletik haragokoak izan dira. Gainera, itxura guztien arabera, oraindik elur gehiago izango da bertan.

Esan nuen banuela esperantza aurten negu eder bat eta elurte politen bat ikustekoa, baina aurten ere ezerezean geratu da dena. Datorren neguaren zain, esperantzara kondenatuak bizi beharko gara elurzaleok. Orain, gutxienez, udaberriak eman dezala bere benetako aurpegia, beharko dugu eta.