Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Martxoko kantuak

Dagokion eguraldi eta tristeziaz iritsi da martxoa. Gogorra egiten zait aita joan zen garaia. Batzuetan hilabete hau gorroto dudala sentitu dut, baina berak irakatsi zidan gorrotorik ez sentitzen. Nostalgiaz, Ismael Serrano entzuten hasi naiz. Gogoan dut behin “Papá cuéntame otra vez” kantua jarri eta aitari gustatu zitzaiola. Vallecaseko abeslariak biok ezagutzen genuen hirira eramaten nau. Aitak lan kontuengatik bisitatzen zuen Madril eta nik bertako auzitegiak ezagutu nituen.

Sarri eztabaidatzen genuen entzuten nuen musikaz, baina martxoan biok mututzen ginen Lluis Llachen “Campanades a morts” entzutean. Banatzen gintuen dena txiki egin eta 1976ko gertakariez mintzatzen ginen. Eskerrak aitak ez dakien berriz egin dutela. Berriz ere are gehiago ilundu nahi izan dutela Gasteizek berezkoa duen martxoaren 3ko tristezia. Berriz bidali dutela polizia, memoria, erreparazio eta justizia eske dabiltzanak kolpekatzera. Ezetz esan nahiko nioke, ez dudala polizia gorroto. Eurak eta euren mandatariak direla gugana gorrotoz datozenak; dela proletario hitza oraindik erabiltzen dugulako, dela Izaroren “Libre” abestian agertzen diren papeletak emakume izenez bete ditugulako. Eta bolumena igo dut, Ismael «que el miedo cambie de bando, que el precariado se haga visible» abesten entzuteko.