EDITORIALA

Edonondik begiratuta ere, AHTa kaltegarria da

Euskal Y»-aren proiektuak ikerketa akademiko ugari ekarri ditu. Duela hogei urte Roberto Bermejok abiadura handiko sarearen errentagarritasunari buruzko txosten ospetsua aurkeztu zuen. 2017an, Ekopol taldeak abiadura handiko sarearen ereduaren analisi transdiziplinarra aurkeztu zuen. Talde horrek berak argitaratu berri ditu «euskal Y»-aren beste ebaluazio-txosten baten ondorioak, bizi-zikloaren azterketan oinarrituta; hau da, ingurumen-kargen analisia, meatze-ustiapenetik, eraikuntzatik, mantentze-lanetatik eta funtzionamendu osotik ikusita. Azken azterlan horren egileek espero dute metodologia beste azpiegitura-proiektu batzuk aztertzeko baliagarria izatea. Zalantzarik gabe, EHU iaioa bihurtu da azpiegitura-proiektuak ebaluatzeko lanean.

Metodologia batekin edo bestearekin, guztien emaitzak antzekoak izan dira. Batzuek azpimarratu zuten ikuspegi ekonomikotik ez dela azpiegitura errentagarria izango; beste batzuek, azken honek bezala, ingurumenaren ikuspegitik, emisioen murrizketari eta garraioaren deskarbonizazioari egiten dioten ekarpena nabarmendu dute, hutsaren hurrengoa dela baieztatuz, baita egoera baikorrenean ere. Edonondik begiratuta ere, «euskal Y»-a obra faraonikoa da, orografia oso konplikatuan eraiki behar delako, eta, beraz, oso garestia, diruari zein ingurumenari dagokienez. Baina, gainera, eskariari begiratuta, aurreikusten den erabilera oso mugatua da herrialde txiki honetan. Gainera, azpiegitura hori merkantzien garraiorako erabili ahal izateko zailtasun handiak daude; erabilpen horrek ez du zentzurik, egungo sare konbentzionala produktuen joan-etorriak gainezka egitetik oso urrun baitago.

Azterketa akademikoak eragiteaz gain, AHTak jendartea mobilizatzen jarraitzen du. Aste honetan «euskal Y»-aren eta Iruñearen arteko konexioak kaltetutako udaletako hautetsiak hedabideen aurrean agertu dira, eta Gasteizko, Nafarroako eta estatuko instituzioei egungo trenbide-azpiegiturak egokitzeko eskatu diete. Azterketa horien guztien ondorioak kontuan hartuz gero, jarrera hori da arrazoizkoena, kostu ekonomikoak eta ingurumenekoak murrizten dituelako.