Garazi CASTAÑO - Ramon SOLA - Maider IANTZI
KORRIKA 23

Euskaldun orok bere senti dezakeen ‘collage’ bat

Julen Orbegozo EHUko ikertzaileari hartu diogu ‘collage’-aren ideia, Korrikaren lekukoari jende ezberdin askok heltzen diola irudikatzeko. Hala, euskaldun oro identifika daiteke batarekin edo bestearekin. Zenbat kolore, tximeleta eta kilima atzo Gipuzkoako errepideak hartzean, harro herri izateko euskara zehar-lerro nagusia dela aldarrikatuz.

GARA eta NAIZen kilometroa; Garazi Castaño berriemaile berezia eta Iñaki Soto zuzendaria joan ziren buruan.
GARA eta NAIZen kilometroa; Garazi Castaño berriemaile berezia eta Iñaki Soto zuzendaria joan ziren buruan. (Gorka RUBIO- Gotzon ARANBURU | FOKU)

Goierrin hasi zen atzo Korrikaren eguna, eta lasterketara batutako jendetzaz gain, espaloietan bildutakoa ere handia izan zen. Lehen aldiz igaro zen Gabiriatik, eta euripean eta maldan gora baina gogotsu ibili ziren herritarrak. Nolako zirrara herrietako alde zaharrak zeharkatzerakoan, dendak eta tabernak jada girotuta zeudela, Ordizian bezala. “Azterketak euskaraz” behin eta berriz agertu zen, bide batez. Edizio honen aldarrikapen nagusietakoa da, Palestinaren aldekoarekin batean.

Beasainen, hain zuzen, CAFen kilometroa boikotatu zuen Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Salatu zuenez, «enpresa honek urteak daramatza palestinarren lur okupatuetan proiektu sionistarentzat tren lineak eraikitzen, eta aurpegia garbitzeko euskara erabiltzea lotsagarria da».

Herri bazkariak nonahi antolatu zituzten Korrikaren bidean. Euria atzean utzita, eguzkiak goxatu zuen.

XUHARRI ELKARTASUN KEINUA

Ertzaintzak Tolosan larri zauritu zuen Xuhar gazteak izan zuen Korrikaren lekukoa eramateko ardura eta ohorea bere herrian, Amasa-Villabonan. Bertako gazteek bete behar zituzten metroetan bera izan zen euskararen aldeko tropelaren buru, kide batekin batera. Elkartasun keinua izan zen.

«Motza egin zait, baina gozatu dut», azaldu zuen Xuharrek. «Pozik» ageri zen herriak emandako laguntzarekin: «Egia esan, indar handia eman didate pasatutakoaren ondoren, eta asko eskertzen diet». Euskaltzale gisa «emozionatuta» eta «harro» sentitu zen 16 urteko gaztea. Festa ederra antolatu zuen Gazte Asanbladak, eta bera ere parte izan zen.

Tolosan, Kike Amonarrizek Korrikak sekulako balioa duela azpimarratu zuen: «Batez ere jendea erakartzeko, ilusioa sortzeko, atxikimendua indartzeko eta erakusteko gehiengoa euskararen alde gaudela. Gure erantzukizuna da ea lortzen dugun indar sozial hori gero praktika bihurtzea», adierazi zuen petoa soinean, lehen Korrikatik ahal izan duen guztietan parte hartu duen soziolinguista eta euskaltzaleak.

Andoainen erraldoi eta buruhandiak ibili ziren lasterka, eta Urnietan saltoka ospatu zuten 2.473. kilometroa. Erraz esaten da. Zenbat pauso eta istorio! Eta helmuga gero eta hurbilago.

Xabier Lertxundi alkateak eraman zuen lekukoa Hernaniko Udal Plazara. Bigarrenez ongi etorria egiteko luxua izan zuten, asteartean jada herria zeharkatu zuelako Korrikak, orduan Goizuetatik etorrita. Aurten kartzelatik atera diren bi herritarrek heldu zioten egur beroari, besteak beste.

DONOSTIAN BARRENA, ILARGIA BEZAIN BETEA

18.15ean sartu zen lasterketa Donostiara, Astigarragatik, 10 urteko Xoelen eskutik. Anoetan, Realaren eta Athleticen arteko emakumezkoen derbia jokatzeko zain ziren, eta bi taldeek Korrikarekin bat egin zuten “Harro Herri” pankartarekin argazkia aterata. Martutenen, auzo elkarteak egin zituen lehen metroak. Migrazio eta Asilo Zuzendaritzakoek kolorez bete zuten errepidea, eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federaziokoek korrika eta kirola egiteko modu asko daudela erakutsi zuten.

Hala joan ziren Donostian barrena, eguzkia jaisten eta ilargia betetzen zihoala, Nerea Arriola esatari biziarekin. Loiola eta Amara zeharkatu, eta Anoetako estadioa inguratu zuten, lekukoa Bultzada Txuri Urdina taldearen eta Xabi Prietoren eskuetan zela.

Donostialdeko ESIko eta Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko langileek euskaraz artatuak izateko eskubidea defendatu zuten; Euskotrenekoek, berriz, euskaraz bidaiatzekoa.

Arantzadi zientzia elkarteko kideek Kontxako badiaren ertzetik Antigua aldera eraman zuten tropela, kale argiak piztuta dagoeneko, ikurrinak eta bandera palestinarrak astinduz. Loretopeko haitza igaro eta Antiguako tunelean Pantailak Euskaraz plataformak hartu zuen lekukoa.

Halakoa izan zen Matia kaleko berotasuna, non pankarta ere galdu baitzen, baina berehala jarri zuten berria. Igaran, Donostiako egoitzaren ondoan, GARA eta NAIZen kilometroa izan zen. Garazi Castaño berriemaile berezia eta Iñaki Soto zuzendaria joan ziren buruan, lankide, harpidedun eta lagunekin. Txillardegi gogoan eta liburutegiaren aldarrikapena berrituz, senideek eta Fito Rodriguez idazleak eutsi zioten lekukoari. Andia kalean, Txema Auzmendiren txanda izan zen. “Egunkaria” kasuan auzipetua eta kartzelatua izan zen, eta gero absolbitua. Grosen eta Parte Zaharrean jendetza itzela ibili zen.

Eguna amaitzeko, zenbaki joko polit bat: 23. Korrika, martxoaren 23an, 23.00etan, Pasai Antxon sartu zen, eta 23.23an bertatik Trintxerperako bidea hartu zuen. Azken gau xarmanta, eta egun on, Baiona!