Jon GARMENDIA
Idazlea

Arnasestuka

Hotz, ilun eta heze. Etxe aurretik pasatu da Korrika goizeko bostetan, oren erdi neraman zain eserita zurezko aulkian, eta deskantsu ederra hartu dut «ttipi-ttapa, ttipi-ttapa korrika!» oihuz ikusi dudanean korrikalari tropa urruntzen. Betetako eginkizuna, eginkizuna beteta.

Orain ohera berriro, goxo, epel eta eroso. Eta aulkia jaso eta eseri gabe, bi urte egongo naiz zain. Bide bazterretik euskaldunon emozio sortzaile handienetakoa dena berriro ikusteko zain.

Urteak dira korrika egiteko ezinduta gelditu nintzela, eta ordutik, ni bezala daudenei begiratzen diet; festa eder honetan parte hartzeko saiakera zein irudimentsu egiten duten gehienek. Azken finean, korrika egin gabe ere Korrikan goaz gu ere. Hori du sentimenduak, paretak eta mugak hausteko gaitasuna. Plazera norberak erabakitzen baitu noiz jaso eta nola banatu.

Jimi Hendrixek erran zuen libre sentitzen zela korrika bizi zelako, eta haren gitarraren soinuak entzun ditut lerro hauek idaztean, korrika egin gabe herri libre bat ikusi dudalako korrika, haizea bezala, orain hemen eta gero han, biriketara arnas berria ekartzen, tarteka arnasestuka, aldapan behera erraz eta gorantz ekinaz, muga gauez pasatuta, kontrabandoko lanetan ari balitz bezala, mugarik izango ez duen euskararen herria amets. Ez dakit harro, baina bai herri, eta libre.