GARA
BAIONA
KORRIKA 23

23. edizioa: «Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena»

Amaitu da 23. Korrika. Irunen abiatu zen eta joan den igandean iritsi zen Baionara. AEKko kideek bilana egin zuten atzo goizean, jada normaltasunera itzultzen ari zen Lapurdiko hiriburuan. Inoiz baino jende gehiagok parte hartu zuela azaldu zuten balantzean, bai presentzialki, bai eta telematikoki jarraitzen ere. Herria harrotzea lortu zuten, eta «anbiziotsua» izatea lortu.

Korrikaren 23. edizioa Irundik abiatu zen apirilaren 14an, ehunka lagunekin.
Korrikaren 23. edizioa Irundik abiatu zen apirilaren 14an, ehunka lagunekin. (Guillaume FAUVEAU)

Atzo goizean jendez hutsik baina emozioz beterik esnatu zen Baiona. Igandeko festaren azken hondarrak jasotzen zebiltzan batzuk, eta goiz horixe baliatu zuen AEKk 2024ko Korrikaren bilana egiteko. Aurtengo edizioa «inoiz izan den erraldoi eta anbiziotsuena» izan dela nabarmendu zuten antolatzaileek, begi-zuloak aurpegian eta irribarrea ahoan.

Korrika zenbakietara eramatea ia ezinezkoa den arren, AEKko kideek egin zuten ahalegina. Emandako datuen arabera, 23. Korrikan 2.800 lekuko aldaketa, 4.900 eramaile eta hamaika egun zein hamar gau behar izan dira Irundik Baionarako ibilbidea egiteko.

«Berriz ere euskararen herriak Euskal Herri osoko errepide eta kaleak hartu ditu. Itzela izan da: argi geratu da hemen badagoela komunitate oso bat, konplexurik gabekoa; ez du onartzen kontingentzia-planik euskararen normalizaziorako: horren ordez, egiazko trantsizio bat nahi du», adierazi zuten, Garazi Arrularen mezutik zenbait adierazpen hartuz.

ATEAK ZABALIK

Modu batera edo bestera, euskaren munduaren zati direnek parte hartu zutela azaldu zuten. «Parte hartze masibo hori herri gisa egin dugu, denok batuta. Genero, kolore eta sentsibilitate politiko askotarikoak hurbildu dira Korrikara, euskararen aldeko ekimen zirraragarrira, herri aldarri alai eta tinko honetara. Haietako batzuk euskaradunak dira dagoeneko; beste batzuk, euskaradunak ez izanagatik ere, badira euskararen munduaren zatia. Ateak zabal-zabalik dituzte denek; barneratzeko bidea, libre. Euskararen herrian eroso bizi ahal izateko desioan, lekua dago edonorentzat», gaineratu zuten.

EGUNERO, AURRERANTZ

«Etorkizunerako asmoak gauzatzeko, baina, denon laguntza behar dugu: erakundeena, kolektiboena eta norbanakoena», zehaztu zuten atzo, Lapurdiko hiriburuan egindako balantzean. Zerrendatu zituzten gauzatu beharrekoak: «Harro gaude, bai, baina ez konforme. Euskararen ezagutzaren doakotasuna, unibertsaltasuna, hizkuntza-politika ausartak... jomuga dira oraindik. Asmatu beharko dugu, era berean, nola bideratu egunotan metatutako indarrak, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko, elkarlanean; euskararen normalizazioa ardatz, aurrerapausoak ematen segi dezagun», aldarrikatu zuten.

AEKk Korrikarako ezarrita zituen helburuak bete dituela adierazi zuten. Izan ere, euskararen aldeko kontzientzia astindu da eta herri gogoa hauspotzea lortu da, AEKko kideen esanetan. Lasterketan bertan parte hartze masiboa izateaz gainera, etxetik ere inoizko Korrikarik ikusiena izan da hau. Aurreikuspen ekonomikoak ere onak direla aipatu zuten, oraindik arlo honetako balantzea behin-betikoa ez badute ere.

AZTERKETAK EUSKARAZ

Aurtengo omendua Azterketak Euskaraz kolektiboa izan da, eta beraien aldarria Euskal Herriko hamaika txokotan ikusi ahal izan da. Baionan egindako bilanean, AEKko kideek Azterketa Euskaraz kolektiboaren aldarria zabaltzeagatik poza azaldu zuten: «Bihotz-bihotzez espero dugu Korrika honetan izan duen ikusgarritasuna akuilu bihurtuko dela haien helburuak lortzeari».

Nabarmendu zuten bi urtetik behin antolatzen den Korrikaren antolatzailea AEK den arren, askoz jende gehiago dabilela beraien bueltan laguntzen: «AEK bideratzailea besterik ez da, atzean komunitate sendo bat, Herri Harro bat dago parte hartzeko prest», adierazi zuten balorazioan.