GARA

MILA ETA BOSTEHUN ARDI ORDIZIAN

Artzain Egunarekin ardiz betetzen dira Ordiziako kaleak. Atzo ospatu zuten aurtengo festa. Bizitzeko modu oso bat ikusgai egon zen.

Bost artzainen taldeak ibili ziren atzo Ordiziako kaleetan barrena.
Bost artzainen taldeak ibili ziren atzo Ordiziako kaleetan barrena. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ordiziako alde zaharra 1.500 ardik baino gehiagok hartu zuten atzo, Artzain Egunaren ospakizunean. Artzainek negua amaitu ondoren beheko belardietatik Aralarreko mendilerrora egiten zuten transhumantzia gogoratzeko egiten den ekimena izan ohi da Goierrin urtero egindakoa. Artaldeak herritik igarotzen diren ekitaldiak sortzen du Artzain Egunean ikusmin handiena. Bost artzainen taldeak igaro ziren atzo, eta ondoren Udaletxeko areto nagusian eguneko beste ekitaldi garrantzitsua izan zen: Idiazabal gazta berriaren aurkezpena. Kanpezuko (Araba) Arrea! jatetxeko Edorta Lamok moztu zuen Eneko Goiburu ekoizleak egindako gazta. Goizeko bederatzietatik aurrera latxa arrazako 50 bat artzainen ahari erakusketa, lehiaketa eta salmenta izan ziren Garagartza plazan. 200 abelburu baino gehiagok bete zuten plaza, eta bi motako animaliak izan ziren: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak. Ohitura den bezala, Carlos Ibarrondok Euskolabelen 40 esne-bildots prestatu zituen burruntzian, bertaratutakoentzat. Artzaintzarekin lotutako bestelako ekimenak ere izan ziren: gazta egitea, ardien ile moztea eta mami dastaketa.