Jon ORMAZABAL

AUZO DERBIA, INOIZKO TXAPELKETARIK LUZEENARI AMAIERA EMATEKO

Nork esango zien duela lau hilabete, Maddi Barrokal eta Leire Galeanori, 13 jardunalditan Euskal Herria zeharkatu ostean, inoiz jokatu duten txapelketarik luzeena «etxean» eta finala jokatuz amaituko zutela. Agirre eta Ruiz de Infante lagun dituztela, «auzo derbi» batek erabakiko du Adosen Binakakoa Antzuolan.

Bartzelonan zegoen Naroa Agirreren faltan, asteazkenean aukeratu zituzten finalean erabiliko dituzten pilotak Antzuolako pilotalekuan.
Bartzelonan zegoen Naroa Agirreren faltan, asteazkenean aukeratu zituzten finalean erabiliko dituzten pilotak Antzuolako pilotalekuan. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

P atuaren kontuak, Ados Pilotaren orain arteko abenturarik luzeena etxean amaituko da Leire Galeano antzuolarrarentzat eta bost kilometro eskasera Maddi Barrokal bergararrarentzat. Bitxia, haiek izan baitira, hurrenez hurren, Ainhoa Ruiz de Infante eta Naroa Agirrerekin bikotea osatuz, txapelketan aritu diren 22 pilotarien artean bi debagoiendar bakarrak eta, gezurra badirudi ere, 35 frontoitan 58 partida jokatu ondoren, bi bikote hauek jokatuko dute lehen mailako Binakakoaren finala, larunbat honetan, Antzuolako pilotalekuan. Jaialdia 18.00etan hasiko da Aizane Ibarrola-Naia Bertiz eta Natale Aranburu-Amaia Arrastia promozio mailako finalarekin eta Hamaika Telebistan eta Ados klubaren Youtube kanalean ikusteko modua izango da.

Bidaiaren azken txanpa ezohikoa izan dela esan genezake, finala ez dutelako lehen ligaxka luzea aurreneko bi postuetan amaitu zuten Zabaleta-Zabalak eta Iturriaga-Orbegozok jokatuko, hirugarren eta laugarren tokietan amaitu zuten bikoteek baizik. Ruiz de Infante eta Leire Galeano finalera ate handitik sartu ziren, alde batetik Labrit pilotaleku magikoan lortu zutelako txartela, baina, batez ere, ordura arte koxka bat gorago ziruditen Zabaleta-Zabalari 22-20 irabazi zietelako, partida handia jokatuta. Zabaleta-Zabalak ligaxkan jokatutako hamabi partidetatik hamar irabazita zituzten eta faborito argiak ziren, baina finalerdiek hori dute, egun horretan asmatu behar dela.

Biarritzen ziurtatu zuten plaza Barrokal-Agirrek, Iturriaga-Orbegozori 22-10 irabazita. Bi bikote hauek zortzina punturekin eskuratu zuten Lapurdiko kostaldean jokatzeko aukera, baina partida hasiera estu baten ondoren, gazteak oso nagusi izan ziren. Eta larunbatera begira, erreferentzia horixe hartu nahi du Maddi Barrokalek. «Badakigu zaila izango dela. Eurak momentu oso onean daude, baina finalerdietan ikusi zen gu ze maila emateko gai izan ginen. Ea hura errepikatzeko gai garen», adierazi zuen.

Leire Galeano antzuolarrak ere, aurrez behintzat, ideiak oso argi dituela ekingo dio larunbateko dema handiari. «Uste dut atzean eutsi egin behar dudala. Maddi eta Naroak asko defendatzen dute, gutxi oparitzen dute. Nik atzean eutsi, arrimatzen saiatu, eta gero Ainhoak aurrean asmatzen badu, nik uste irabazteko aukerak baditugula», azaldu zuen.

Bi partida antagonikoetan, elkarren arteko lehiatan partida bana irabazi zuen bikote bakoitzak ligaxkan. Lehenengoan tanto bakarraren aldeaz nagusitu ziren Barrokal-Agirre, «edozein aldetara eror zitekeen lehian»; bigarren itzulian, aldiz, 22-5 gailendu ziren Ainhoa Ruiz de Infante eta Leire Galeano. Azken aurrekari hau, ordea, ezin omen da baleko erreferentziatzat hartu, galtzaileek eskuak oso gaizki zituztela jokatu baitzuten.

TXAPELKETA LUZEA

Zorioneko albo kaltetzat jo daitezkeen arazoak izan ziren horiek, astero-astero partida bat jokatzearen ondorioak. Larunbatekoa azken etapa izango den arren, bidearen garrantzia nabarmendu dute finalistek. Izan ere, Binakako honen muina inoizko txapelketarik onena jokatu ahal izatea izan da. Aspaldiko aldarrikapena zen emakume pilotarientzat jarraitutasun batez aritzea, eta txapelketa honetan oztopo hori ere gainditzeko gai izan dira. «Hainbeste jokatuta, hobekuntza handia izan da. Batez ere Ainhoa eta nire kasuan. Esan daiteke zerotik hasi garela. Batera sekula jokatu gabeak ginen eta ikusi da, lehen partidatik azkenekora, hobekuntza sekulakoa izan dela. Finalean ondo arituko garela iruditzen zait. Final gogorra izango da», esan zuen herrian jokatuko duen Galeanok.

Biharkoa benetako zita izango da atzelari gaztearentzat, herritar eta ezagun askoren aurrean jokatuko baitu bere txapelketa honetako lehen finala. Badira halakoek kalte egiten dioten pilotariak, baina, aukeran jarrita, Galeanok nahiago herriko frontoian jokatu, beste inon baino. «Polita da. Presio gehiago ere bai, herrikoak ikusten izango direlako, baina nik horrela nahiago. Zailagoa izango da agian urduritasuna kontrolatzea, baina niri gustatzen zait Antzuolan jokatzea».

Maddi Barrokalek ere ez du harmailetan babesik faltako, Bergaratik zale ugarik adierazi baitiote «derbian» egoteko asmoa. Zestoa eta Otxandio ere ez dira Antzuolatik oso urrun geratzen, eta Naroa Agirrek eta Ainhoa Ruiz de Infantek ere ez dituzte animoak faltan botako partida, uste bezala, gogortzen den une horietan.

Bidea luze eta emankorra izan dela nabarmendu dute pilotariek eta antolatzaileek eta merezitako amaiera eman nahi diote larunbatean.