Jon ORMAZABAL
PILOTA

Javi Zabalak A multzoko korapiloa erabat aska dezake Labriten

Artola finalerdietarako sailkaturik -lehen postua izango du jokoan-, errioxarra da finalerdietarako bigarren txartela bere esku duen pilotari bakarra. Horretarako alegiarrari irabazi beharko lioke, eta 22-14ko emaitzarekin lehenengo postua berea izateko.

Javi Zabalak bere esku du finalerdietarako txartela.
Javi Zabalak bere esku du finalerdietarako txartela. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lehen mailako Buruz Burukoaren langa gainditzea bere esku du Javi Zabala errioxarrak, bere aurreneko parte hartzean. Lehenbiziko kanporaketan Mikel Urrutikoetxea bezalako txapeldun bat kaleratu ondotik, egungo gerriko gorriaren jabea, Aitor Elordi, eta Joseba Ezkurdiaren moduko pilotari handi bat kaleratu ditzake Logroñokoak larunbat honetan Iruñeko Labriten.

Horretarako, ligaxkako bere partidak irabazi eta hurrengo kanporaketarako sailkatuta dagoen Iñaki Artola gainditu beharko du Aspeko aurrelariak. Bigarren txartel hori jokoan duten hiru pilotarien artean bera da gauzak bere esku dituen pilotari bakarra eta, 22-ra helduta, batere aukerarik gabe utziko lituzke igandean elkarren aurka Bilbon jokatuko duten Elordi eta Ezkurdia. Are gehiago, multzoko lehen postua ere eskura du Zabalak, horretarako zortzi tantoren aldearekin nagusitu beharko luke Iruñean.

«Nire helburua lasai jokatzea da, aurrekoan egin nuen bezala. Dinamika bera eramaten saiatu, tantoa dominatzen duena ni izan nadila eta oldarkorra izan», adierazi zuen atzoko material aukeraketan. «Presiorik ez dago. Jokatzeko partida ederra da, jokatzeko primerako pilotalekuan. Hilabete asko daramatzat lanean hor egoteko, eta lasai irtengo naiz», esan zuen.

Partida galduta ere, aurrera egiteko aukeraren bat izango luke errioxarrak, oso muturrekoa den arren; horretarako Ezkurdiak 22-3 irabazi beharko lioke Elordiri igandean. «Galduz gero, ez dakit zer kalkulu egin beharko nituzkeen finalerdietan egoteko. Asmo bakarra irabaztera irtetea da, ondo jokatzea eta 22ra heltzea», gaineratu zuen.

Printzipioz, Artolak kantxara beste patxada batekin irten beharko luke, dagoeneko ziurtatuta baitu bere tokia finalerdietan. Bertan Laso ekiditeko, bere multzoko lehenengo tokian amaitu behar du, eta horretarako nahikoak ditu 14 tanto. Honek, ordea, finalaren atarian Jokin Altunaren aurka jokatu beharra ekar dakioke alegiarrari, baldin eta amezketarra Dariori hurrengo astean irabazteko gai bada. «Argi dago presio gehiagorekin jokatzea txarra dela pilotarentzat, baina gutxiegirekin aritzea ere bai; eta nire helburua izango da, hain justu, erdiko puntu hori aurkitzea. Aurrekoetan tentsio gehiegirekin joateko arriskua zegoen, eta orain beste aldekoa. Eta ez nuke nahi halakorik gertatzerik, ikusleei, aurkariei eta gainerako pilotariei zor zaien errespetuarengatik. Aldi berean, nire prestakuntzari begira ere irabazi nahiko nuke. Ez legoke finalerdia hartzeko modu hoberik aurreko lau partidak irabazita heltzea baino, eta helburu horrekin irtengo naiz», azaldu zuen.

MATERIAL DESBERDINA

Bi pilotariak arazo fisikorik gabe daudela, materiala ere ez omen da aitzakia izango larunbateko partidan, nahiz eta Artolaren iritziz berak eta Zabalak aukeratutako pilotak «desberdin samarrak» izan. «Nire bat ilunagoa eta zakarragoa da, eta bere bat, bote gehiagokoa, irteera gehiagokoa. Baina denak Labritek baimentzen duen muga horren barruan sartzen dira, eta pilota onak direla esango nuke», adierazi zuen txintxarriak. Artolaren garaipena behar duten Elordik eta Ezkurdiak urduritasunez ikusiko dute partida.