Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
REALA, KOPAKO FINALEAN

ZARAGOZAKO KALEETAN «GUK IRABAZI DUGU»

Zaragozako alde zaharreko kaleak hartu zituzten zale txuri-urdinek: 5.000 inguru gerturatu ziren Reala hauspotzeko prest. Eguzkia lagun, giroa ederra izan zen Pilar Basilika inguruetan. Zenbaitek altabozak, mikrofonoak eta banderak ekarri zituzten jokalariak animatzeko. «Itxaropentsu» zeuden: «Lehen partida, behintzat, kalekoa, irabazi dugu».

Irudietan, Zaragozako alde zaharra, zale txuri-urdinez beteta. Eskuineko argazkian, Aragoiko peña realzale bat.
Irudietan, Zaragozako alde zaharra, zale txuri-urdinez beteta. Eskuineko argazkian, Aragoiko peña realzale bat. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Lasartetik, Donostiatik, Hernanitik, Zumaiatik, Legorretatik, Tolosatik eta Lazkaotik etorri ziren, besteak beste, 5.000 zale txuri-urdin inguru Reala hauspotzera. Ia denak egun pasa egitera etorri ziren Zaragozara, baina badago bakarren bat ostiraletik etorri zena: «Ostiralean denboraldiaurrea egin dugu, eta gaur [larunbatean] denboraldian sartuko gara», zioen Legorretako realzale batek, ostiraletik jada berotzen hasi zirela esanda.

13.00 aldera hasi zen giroa berotzen Zaragozako alde zaharrean. Kale estu batean neska talde bat ikusi genuen, hamabost bat izango ziren; Lasarte, Hernani eta Donostia ingurukoak. Altabozak, mikrofono bat eta bandera bat baino gehiago zeramatzaten gainean. Denek, noski, Realeko kamiseta soinean. Peña bat al ziren galdetuta, batek esan zuen, barrez, prozesuan daudela: «Lagun talde bat elkartu gara. Ondo pasatzera etorri gara, disfrutatzera eta parranda egitera. Noski, taldea ere animatuko dugu. Esperantza dugu, 90 minutu dira, dena gerta daiteke bizitza honetan. Ezer ez dela ezinezkoa esan ohi da». Horrez gain, azaldu zuten Zubietan jokatzen dituzten partida guztietara joaten direla, «ajea izan edo ez izan».

IRAIAK, EZIN GALDU HITZORDUA

Abesti bat kantatzeko eskatu zitzaien, eta La Oreja de Van Gogh taldeko “Te voy a escribir la canción más bonita del mundo” hasi ziren abesten, denon harridurarako. Momentu horretan agertu zen kuadrilla horretan Iraia Iparragirre Realeko jokalari ohia, iaz erretiroa hartu zuena. Iskin batean zegoen, baina animatu zen NAIZ Irratian hitz egitera. «Ezin nuen galdu halako zita garrantzitsu bat», adierazi zuen Realeko jokalari ohiak. 2019an Granadan altxatu zuen garaikurra, eta orain, Zaragozan egonda, «oroitzapen, sentsazio eta emozio asko» etortzen zitzaizkion burura. «Zerbait polita» etor daitekeela uste zuen, «partida bat da, eta ikusiko da».

2019an Granadan barrutik bizitakoak ez du antzekotasunik oraingoarekin, «beste aldetik zerbait desberdina» baita: «Asteburu guztia hona etortzearen sentipena, kontzentrazio maila oso desberdina da. Ondo pasatzera nator, jokalariak ere ondo pasatzera joango dira, baina duzun kontzentrazio maila oso desberdina da. Burbuila batean zaude, eta sentsazio hori bizi izana, esaten dut, zein ondo».

Orain, futboletik aldenduta, «oso ondo» dagoela nabarmendu zuen: «Futbolak asko eman dit, zortzi urte izan dira, bizitzan aroak dira, eta nik ikusi nuen nire momentua iritsi zela. Orain beste bizitza bat dut, guztiz ezberdina. Orain arte egin ez ditudan gauzak egiten ari naiz; disfrutatzen, eta sozializatzen. Oso gustura nago».

Orain dela bost urte Granadan izan zen Donostiako zale bat ere topatu genuen. Oraingo honetan, epaileak amaiera adierazi arte «dena dagoela jokoan» adierazi zuen: «Itxaropentsu gaude, ziur partida sorpresaz betea egongo dela». Zaleren bat «harrituta» zegoen, Zaragozan zegoen giroarekin. «Bartzelonako zale asko daude, baina baita Realekoak ere. Atsedenaldira bizirik iristen bagara, kontuz. Esperantza hori badut».

Realzale gehienek goizean alde zaharrean, Pilar Basilika inguruan pasatu zuten goiza, eta arratsalde aldera, La Romareda estadio inguruetara gerturatu ziren. Oro har, itxaropena arnasten zen Zaragozako kaleetan, marea txuri-urdinak ez zuen itsasertzean geratu nahi. Kataluniako zaleren bat ere harrapatu genuen. Tarragonako hiru neska ziren. Reala atsegin duten talde bat zela nabarmendu zuten, eta onartu arren haiek direla faborito nagusiak irabazteko, esan zuten Realak ere talde ona duela.

IBARBURU, 19.00AK ARTE DISFRUTATZERA

Zaragozako alde zaharreko girora gerturatu zen beste bat Joseba Ibarburu emakumezkoen Realeko lehendakariordea izan zen. «Goizean buelta bat eman, zaleekin egon, eta orain bazkari bat dugu lotuta. Realeko jokalari ohiekin eta entrenatzaile ohiekin bazkari bat antolatu dugu, eta gero partidara joango gara». Partidaz galdetuta, adierazi zuen arratsaldeko 19.00ak arte «disfrutatu» behar zela, eta «gero gerokoak». «Oso zaila da, Natalia Arroyo entrenatzaileak badakit plan bat prestatu duela, eta garrantzitsuena da hori egitea». Larunbatean bertan iluntzean itzultzekoak ziren Donostiara.