GARA
BILBO

Osasun sistema publikoa indartzeko neurriak aurkeztu ditu LABek

Osakidetzak bizi duen egoerari buelta emateko bost proposamen aurkeztu zituen atzo LABek Gurutzetako Ospitalearen aurrean egindako agerraldian. Pribatizazioak gelditzea, langile gehiago kontratatzea, Lehen Arreta hobetzea, osasun mentalean bitartekoak handitzea eta langileak zein erakundea bera euskalduntzea, hain zuzen.

Aranburuk LABen proposamenak aurkeztu zituen.
Aranburuk LABen proposamenak aurkeztu zituen. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Osasun sistema publikoa indartu eta Osakidetzak behar duen eraldaketarako neurriak aurkeztu ditu LABek. Neurri hauek izango dira sindikatuak Lakuako Gobernuaren Osasun Ituna adosteko mahaira eramango dituenak.

Osakidetza kalitatezko osasun sistema publikoa izateko, aurreko Gobernuaren politikak errotik aldatzeko beharra nabarmendu zuen atzo Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak Gurutzetako ospitalean langileekin egindako agerraldian. «Urte luzez, osasun publikoaren aldeko apusturik ez da egin. Politika neoliberal eta klientelarrak nagusi izan dira», nabarmendu zuen.

Horrela, LABek bost neurri proposatu zituen. Lehenengoa pribatizazio eta kontzertazio politikarekin amaitu eta pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko plan bat da. Honekin batera, Osakidetzak hitzarmenak eta sententziak ez dituela betetzen salatu zuen LABek.

Bigarren puntuak langile gehiago behar direla azaltzen du, lanpostu egonkor eta baldintza duinekin.

Hirugarren proposamena Lehen Arretaren egoera hobetzeari zuzenduta dago. Egonkortze falta eta behin-behinekotasun handia dagoela ohartarazi zuen LABek.

Laugarren proposamena osasun mentalaren arazoa prebenitzeko eta artatzeko bitarteko gehiago bideratzea da: «Dimentsio gero eta handiagoa duen arazoa izanik ere, ez dago planik».

Bosgarren proposamena Osakidetza euskalduntzeko plana da. «Plaza guztiek profila izan behar lukete, eta egun ez da horrela. Euskalduntzea borondatezkoa da eta, noski, horrek ondorioak ditu: ezinezkoa da euskaraz lan egitea eta zerbitzua euskaraz jasotzea. Errealitatea hori izanik ere, azkenaldian mezu euskarofoboak ugaritzen ari dira», adierazi zuen LABek.



Uribe Kostako zerbitzu publikoen galera salatu dute

Elkarretaratzea egin zuten atzo Gorlizko ospitalearen aurrean Uribe Kostako hainbat alkate, eragile eta herritarrek, udan eskualdeko zerbitzu publikoek pairatzen duten galera salatzeko.

Aitor Garagarza Plentziako alkateak azaldu zuenez, «nahiz eta murrizketa hauek uda partean izan, urte osoko planifikazio eta inbertsio faltaren ondorio dira».

Osakidetzako murrizketak ez ezik, posta bulegoetakoak ere salatu zituzten, eta garraio publikoa indartzea galdegin zuten. Ildo horretan, Plentziako alkateak eskatu zuen «Udal Kutxaren banaketa orekatuago bat egitea», uda garaian «gure herrietako funtzionamendu egokia bermatu dadin». Garagarzak azaldu zuen urteroko arazoa dela, baina, hala eta guztiz ere, ez zaiola behar den garaian konponbidea bilatzen. GARA