LABen eskaerak Lakuari: enplegu kalitatea hobetu eta soldatak duintzea
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusia Lakuako Gobernuko Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresekin bildu zen atzo. Enplegu kalitatea hobetzeko, soldatak duintzeko eta lanaldia murrizteko eskaerak egin zizkion. Era berean, Bilbon egindako prentsaurrekoan, ikasturte berriko asmoen berri eman zuen sindikatuak.

Helburu nagusi bat azaldu zuen Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak ikasturte hasierako agerraldian: «Langileen lan eta bizi baldintzak hobetzen jarraitzea». Horretarako, lan baldintzak eta soldatak duintzea eta langileei kalitatezko zerbitzu publikoak ziurtatzea izango dira sindikatuaren lehentasunak.
Bizitza duina bermatzeko langileen aldeko «neurriak, adostasunak eta akordioak» beharrezkoak direla nabarmendu zuen koordinatzaileak, eta azken urteetan bezala, ahalik eta dinamika eta borroka sindikal eta sozial gehien hauspotzen jarraituko dutela azaldu zuen. «Langileak zukutzen jarraitzeko eta lan eskubideetan murrizketa berriak inposatzeko» patronalak topatu duela beste bide bat argitu, eta absentismoaz aritu zen: «Absentismoa kontrolatu behar dela diote. Hau guztiz mespretxagarria da, eta are larriagoa EAJren Jaurlaritzaren aldetik marko diskurtsibo hori ontzat ematea».
EGINDAKO URRATSAK
«Presio sindikal eta sozialik gabe, ez da posible izan eta ez da posible izango langileen aldeko akordiorik. Ez patronalaren aurrean negoziazio kolektiboan, ez eta arduradun politikoen aldetik politika publikoek eskatzen dituzten aldaketetan ere», adierazi zuen Aranburuk. Eta borrokaren bidez eskuratutako lorpenak ere gogoratu zituen, Cementos Rezolako borroka adibidetzat jarriz: «Borrokari esker ari gara trantsizio energetikoaren aitzakian egin nahi den enplegu suntsiketen ondorioak arintzen».
Sindikalismo feministaren bidetik zaintza eredua eraldatu beharra ere azpimarratu zuen, eta etxeko langileen lan eskubideez hitz egitea aurrera urratsa dela gaineratu zuen.
ESKAKIZUNAK LAKUARI
Bestalde, atzo bildu zen Lakuako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresekin LABeko ordezkaritza bat. Bi gai nagusitan jarri zuen sindikatuak arreta, aurreratu bezala: enpleguan eta lan osasunean. Eskakizun zehatz bat egin zion Aranburuk sailburuari: «Enpleguaren kalitatea hobetzea, soldatak duintzea eta 1.600 euroko gutxieneko soldatak ezartzea; baita lanaldia murrizteko beharra ere».
Osasunari dagokionean, lan istripuei eta laneko gaixotasunei aurre egiteko politikak galdegin zituen Aranburuk: «Sailburuari galdegin diogu patronalak, absentismoa aitzakia hartuta, ezarri nahi dituen murrizketa berrien aurka egin dezan, eta interpelazioa egin diezaion prebentzio legea betearazteko».
Arrazismo laborala, horri lotuta gertatzen diren abusuak, zein langile migranteek bizi duten egoera babesgabea ere izan zituzten hizketagai bileran, sindikatuaren arabera.
Bestalde, LABek lan istripu eta lan heriotzen zenbatekoa «onartezina» dela salatu zuen. Eta Aranburuk sailburuari prebentzio legea betearazteko eskatu zion. LABek adierazi duenez, adostasunak aldarrikatu zituzten bileran, eta «elkarrizketarako prestutasunarekin bat etorri dira bi aldeak».
Osasun Mahaiaren bilera ere aurki egingo dela adierazi zuen Aranburuk, eta Osasun Itunik egingo bada, langileen gehiengoaren babesarekin egin behar dela aldarrikatu zuen. Bost ideia azpimarratu zituen: pribatizazio eta kontzertazio politikarekin amaitu eta pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko plana; langile gehiago, egonkorrak eta baldintza duinekin; urgentziaz Lehen Arretaren egoera hobetzea; Osasun mentaleko arazoak prebenitzeko eta artatzeko bitarteko gehiago; eta azkenik, Osakidetza euskalduntzeko plana.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
