GARA
BAIONA

Testuinguru ezegonkorrean abiatu da Ipar Euskal Herrian eskola sartzea

Ipar Euskal Herriko ikasleek atzo abiatu zuten ikasturtea. 50.000tik gora itzuli ziren ikasgelara Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Peio Jorajuriak NAIZ Irratian azaldu zuenez, aurreikuspenen arabera Seaskak 4.200 ikasleko langa igaroko du ikasturte honetan, eta pozik dira, garapen fase batean daudelako lehendakariaren arabera.

Atzo abiatu zuten eskola sartzea Baionako Oihana ikastolan.
Atzo abiatu zuten eskola sartzea Baionako Oihana ikastolan. (Guillaume FAUVEAU)

Atzo abiatu zuten 2024-2025 ikasturtea Ipar Euskal Herriko ikasleek. Bordeleko akademian 570.000 ikasle itzuli ziren eskoletara. Horietatik, 110.000 kokatzen dira Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan, Kazeta.eus agerkariak azaldu zuenez. Testuinguru politiko ezegonkorra medio, eskola sartzea berrikuntzekin iritsi zen hiru herrialde hauetara.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak NAIZ Irratian azaldu zuenez, Seaska bere «marka historikoa» gainditzear dago. Izan ere, kopuru zehatzak datozen egunetan jakingo diren arren, 4.200 ikasle baino gehiago espero dituzte. «Garapen fase batean gara, eta hori biziki ona da», poztu zen lehendakaria.

«Gero eta jende gehiagok du Ipar Euskal Herrian euskararen gosea, eta badakite murgiltze eredua eraginkorra dela euskara ikasteko. Pixkanaka ari da gure hizkuntza normalizatzen Ipar Euskal Herrian, eta gurasoen gehiengo zabal batek bere haurrak euskara ikastea nahi du», adierazi zuen Jorajuriak. Sail elebidunak ere indartzen ari direla nabarmendu zuen, «baina horrekin bakarrik ez dugu euskara salbatuko», egin zuen aldarri.

Testuinguru politiko ezegonkorra izan da sartzea baldintzatu duen elementuetariko bat. Dimisioa eman duen Nicole Belloubet Hezkuntza ministroa ari da gidatzen sartzea, eta hainbat erreforma bidean dira. Ondorioz, hainbat neurri, brebetaren erreformarekin eta eskola programarekin lotuak direnak, 2025era atzeratu dituzte.

BAXOA ETA BREBETA

«Gobernurik gabeko zulo batean gara», adierazi zuen Seaskako lehendakariak. Eta oraindik erantzunik ez dutela baxoaren edota brebetaren inguruan ere deitoratu zuen. Hala ere, borrokan jarraituko dutela azaldu zuen Jorajuriak NAIZ Irratiko uhinetan: «Brebetaren arazoa gainditu genuen, gure ikasleek euskaraz egin ahalko dute aurten. Aldiz, baxoari buruz, Gobernuak dimisioa aurkeztu du erantzunik eman gabe, beraz, beha gara ikusteko nola kudeatuko duten afera».

Baxoaren kalifikazio sistema aldatuko da 2025eko azterketa eta gero, Belloubetek abuztu amaierako prentsaurrekoan iragarri zuenez. Hala, 50/50etik 40/60ra iraganen da proba, gogortze aldera.

Beskoitzeko afera da egoera ezegonkorra sortzen duen beste auzietako bat.

Ikastolako ikasleek sarrera egin dutela kontatu zuen Jorajuriak, «baldintza ez hain onetan», prefabrikatutako etxoletara joan behar izan baitute.

Halere, ikuspegi baikorra du Seaskako lehendakariak: «Herriko Kontseilua aldatu da, auzapez berri bat badugu, eta badakigu harekin eta haren taldearekin konponbideak atzeman ahal ditugula; egoera lasaiago batean gara, pixkanaka eraikiko dugu irtenbide berri bat».

Beskoitzen bada beste arazo bat, ordea. Izan ere, kurtsoak hasteko lau egun eskas falta zirela, hezkuntza zein eskolaz kanpoko zerbitzuen itxiera jakinarazi zieten, irailaren 2tik 5era bitarte, Adingabeen Harrera Zerbitzu Kolektiboaren greba aitzin abisu baten ondorioz.

Greba horren arrazoiak lausoak dira oraindik, Herriko Etxeak langileen baldintzak betetzeko zailtasunak aipatzen baititu, eta langileek, berriz, haurren segurtasuna bermatzeko behar adina langile ez izatea, baita zerbitzuaren norabide argirik ez izatea ere.

Berrikuntza nagusien artean, eskualdeko laborantza lizeoak formakuntza elebidunak proposatzen hasiko dira aurten, Donapauleko lizeoan egingo dute lehen aproba bigarren mailako ikasleekin.