GARA
ORIO

Hegalaburraren arrantza berreskuratzeko proiektua jarri dute abian

Azti zentro teknologikoak eta Balfego enpresa katalanak Kantauri itsasoan hegalaburraren edo atun gorriaren arrantza berreskuratzeko proiektua abian jarri dute. Ekimenaren berri atzo eman zuten Orion egindako agerraldian.

Aditzera eman zuten Kantauri itsasoan hegalaburraren arrantza baldintzatuta dagoela, errentagarritasun txikia duelako arrantzontzientzat. «Harrapatutako aleen tamaina txikiagoa izaten da eta metereologia baldintzek ohiko teknikekin harrapatzea zailtzen dute. Horregatik, gaur egun, Euskadiko kuotaren zati handi bat Estatu espainoleko beste eskualde batzuei lagatzen zaie», azaldu zuten.

Horri buelta emateko eta eremu horretan hegalaburraren arrantza berreskuratzeko elkartu dira bi erakundeak, eta Itsasbalfego enpresa sortu dute. Inguraketa aparailuen bidez harrapatzea proposatzen dute, euskal ontzidiarekin lankidetzan.

Hala, urpeko bi akuikultura instalazio jarriko dituzte Getariako portutik 3,688 miliara. Espezie hori gizentzeko proba pilotua 2025eko udan hasiko da, ale kopuru mugatu batekin. Esperientzia positiboa baldin bada, 2026tik aurrera kaiola gehiago jarriko dituzte, gizentzera bideratutako arrantza kuotaren arabera.