MAIDER IANTZI GOIENETXE

Irene Vallejoren «Irakurketaren aldeko manifestua», euskaraz

«Bizi garen abiadan gezur puztuek eta informazio ezegokiek argitasunik gabe gaituzten egunotan» berriz liburuari hel diezaiogun eta «miraria salba dezagun», Irene Vallejok idatzi eta Fernando Reyk euskaratutako «Irakurketaren aldeko manifestua» aurkeztu du Pamielak.

Fernando Rey, Irene Vallejoren lanaren itzultzailea.
Fernando Rey, Irene Vallejoren lanaren itzultzailea. (Jon URBE | FOKU)

Irene Vallejoren “Irakurketaren aldeko manifestua” euskarara ekarri du Fernando Reyk, Pamiela etxearekin. Astelehen honetako aurkezpenean azaldu zutenez, Filologia Klasikoan doktorea den zaragozarrak landu izan dituen gaien sintesi bat dakar saiakera txiki honek. Bederatzi puntutan deskribatzen du zergatik den garrantzitsua irakurketa.

Lander Majuelo editoreak adierazi zuen ez dela kultura hutsalki aldarrikatzeko liburu bat, baizik eta, azken puntuan dioen bezala, «salba dezagun miraria» dei egiten duen mamiz jantzitako lana.

2021ean “Infinitua ihi batean” plazaratu zuen Pamielak, hura ere Reyk euskaratua. Vallejoren “El infinito en un junco” 2019an plazaratu zen gaztelaniaz eta arrakasta handia izan zuen. 2020an Espainiako Saiakera Sari Nazionala eskuratu zuen. Medikuntza eta Kirurgia ikasketak egin arren, 1980ko hamarkada bukaeratik Nafarroako Administrazio publikoan itzultzaile dabilen iruindarrak esan zuen gutxitan gozatu duela hainbertze itzulpen batekin: «Sekulako oparia izan zen».

LEITZEAK EZ GAITU HOBEAK EGITEN, BAINA...

Espainiar Editoreen Federazioak manifestu hau idazteko eskatu zion Vallejori. «Plazer hutsagatik» leitu zuen Reyk, gustatu zitzaion, eta Pamielari proposatu zion euskaratzea. «Estilo zainduan eta dotorean idatzita dago», berriro iraganeko eta egungo erreferentziak nahasiz. «Irakurketak eta liburuak ez gaitu berez pertsona hobeak egiten, baina bizitzan eta gizartearen osasunean babesa izan daiteke, salbatzailea, sosegua, utopiaren transmisorea... Gizarte azeleratu honetarako antidotoa izan daiteke, adimenerako gimnasia, irudimenaren pizgarria», adierazi zuen.