Bihotza hunkitzeko gai den harribitxia

Hamar urte bikote baten bizitzan, hamar Gabon zahar gau eta 10 kapitulu; atal bakoitzean egun horietan gertatzen dena soilik ikusiko dugu. Premisa sinple eta zehatz horrekin, Rodrigo Sorogoyenek, Paula Fabrak eta Sara Canok sekulako harribitxia sortu dute. Ikusle gisa kapitulu bakoitzaren hasieran hasiko dugu bidaia, behatxulo batetik begira egongo bagina bezala; denbora tarte horretan gertatzen denaren testigu izango gara.
Gidoia biribila da: soila, zehatza, organikoa, samurra, detaile txikiz josia eta aberatsa. Oso ondo idatzitako narratibari esker, lehenengo ataletik azkeneraino harrapatuko zaitu eta emozioen zurrunbilo batean barneratuko zara.
Gainera, istorioarekiko sentitzen dugun atxikimendua ez dator gidoi biraketa harrigarrietatik; hemen, epikotasuna intimitatetik jaioko da, gauza txikietatik, bi pertsonen arteko erlaziotik: elkarrizketak, ekintzak, isiluneak, erabakiak… Horiek guztiek emozioa ematen diote telesailari, mamia eta kolorea.
Iria del Rio eta Francesco Carril aktoreen lana itzela da. Ezin deskribatuzko erakustaldia eskaintzen dute; sinesgarria, naturala eta oso gertu sentitzen den horietakoa. Telesailak behar duten denbora guztia eskaintzen die bi pertsonaiei eta, hauen bilakaeraren testigantza ez ezik, urteetan zehar gertatzen diren eraldaketa sozial eta emozionalen ispilua ere bada.
Ikusle guztientzako moduko proposamena den arren, 30-40 urte ingurukoak zenbait elkarrizketa, egoera, une eta eszenekin oso identifikaturik sentituko zarete. Egoera hain naturalak erakusten dira, hain ondo idatzitako gogoetez, zaila baita haiekin identifikatuta ez sentitzea.
Berezko distira duen proposamena da. Bihotza hunkitzeko eta barrenak mugitzeko gai den harribitxia.

El problema no son solo las formas, sino un fondo sin garantías desde 1979

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco
