Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
HERE (AQUÍ)

Hormek hitz egingo balute...

Plano finko bat eta kokaleku bakarra: proposamen narratibo eta formal ausart baina arriskutsu horretatik abiatuz, Robert Zemeckisek, urteetan zehar kokaleku berdinetik igarotzen diren pertsonen bizitzen istorioa azaldu du; historiaurretik hasi -dinosauroak ere ageri dira- eta gaur egunera arte.

Zinema modernoaren film ikonikoenetako batzuen zuzendariak -‘‘Regreso al Futuro”, “Naufrago” edota ‘‘Forrest Gump”, esaterako-, ikusle mota guztientzat ez den esperimentu zinematografiko zinez ausarta osatu du oraingo honetan.

Planoa finkoa da, ez dago mugimendurik, baina muntaketa lanaren eta pantailan ikusten dugunaren artean osatu duen puzzlea oso hipnotikoa eta berezia da: hurrengo eszenari bide ematen dieten laukizuzen mota ezberdinak ageri dira enkoadraketan.

Eszena horiek, garai berekoak izan daitezke ala ez, batzuetan denboran atzera eta aurrera egiten du jauzi. Jarraipen kronologikorik ez dago, iragana, etorkizuna eta oraina tartekatzen dituen ispiluen labirintoa da.

Asmo artistikoak soilik kontuan hartzen baditugu, “Here” artelana da; zoritxarrez esperimentu horrek 104 minutu irauten du: aho zabalik geratzeko moduko planteamenduak apurka indarra galduko du. Proposamen berritzaile horren barruan ageri diren zenbati istorio nahiko monotonoak dira, estereotipatuak, eta dena apur bat erredundantea bihurtzen da; eragin emozionala galtzaile ateratzen da.

Ez da film biribila, inondik inora ere, baina Zemeckisek ausardiaz jokatu du, eta hori eskertzekoa da. Denborarekin eta espazioarekin dugun harremanaz hausnartzera gonbidatzen gaituen film oso interesgarria da.