Pagadiak
Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.
Errazagoa egiten zait negu-mugako ospakizunak pagadi batekin lotzea, horregatik aukeratu dut pagadia. Estimatzen dut benetan haritza: etxeak, itsasontziak, altzariak eta abar egiteko gure basoetan dugun zurik noble, apain eta gogorrenetakoa; estimatu lizarra: batez ere altzari argiak eta arinak egiteko, beta ederrak erakutsiz; gainera, artzainek badakite ardiei zenbat gustatzen zaien lizar hosto ondua. «Lizarrusti», lekua ezagutuz gero, lizarraren ustiaketatik datorrela esango nuke.
Gaurkoan: pagadia. Nork ez du ezagutzen pagadi bat? Mendira joan den edonork daki zer den pagadi bat. Udaberrian hosto berderik argitsuena eta politena duen ingurunea azalduko zaigu, eta udazkenean berriz, mendiko lur sailik koloretsuena dudarik gabe, pastel kolore guztiak hartzen dituen paleta. Ederrak dira gure pagadiak.
Baita ere, esan behar, aberatsak direla gure pagadiak. Nork ez ditu bildu udazkenean gibel urdin, onddo eta ziza hori perretxikoak pagadietan? Eta baserritarrek badakite zer den orbela biltzea. Udazken amaiera aldera lurrera eroritako hostoak, orbela, biltzen zuten ukuiluan ganaduari azpiak egiteko. Bizkai aldean badira kopla zahar batzuk zera esaten dutenak: «Astelenian ezkondu eta / martitzenian basora / eguastenian orbelak batzen / eguenian etxera».
Gaur ezagutzen ditugun pagadi zaharretan gehien bat pago-ondoak aurkituko ditugu, tartean gazteagoak diren pago-lizar batzuk badaude ere. Pago-ondo zahar hauek aspaldi, gazteak zirelarik, metro pare batetara moztutako pago-lizarrak dira. Baina nolatan hori?, galdetuko duzue beharbada. Erantzuna da: ikatza. Bai, ikatza egiteko pagoa erabiltzen zen batez ere. Haritza eta artea ere erabiltzen ziren, baina hauen zura material bezala erabiltzeko gehiago preziatzen zen. Horrek ez du esan nahi pagoa ez zela erabiltzen altzariak edo antzeko egur lanak egiteko. Uztarriak, adibidez, pago zurez egiten ziren.
Basoa, pagadia, etxerako egurra eta ikatza neguko solstizioarekin lotuta dauden elementuak dira. Gaur egun, beharbada, ez ditugu faltan botatzen -aski dugu pinutxo bat saloi bazterrean jartzearekin eta led erako bonbilla txiki mordo bat, klik eta klik keinuka ari zaizkigunekin- etxea berotzeko beharrezkoak ziren egur pilak eta ikatza. Baina, jakin, zure etxea berotzeko edo janaria prestatzeko erabiltzen duzun gasolioa, gasa edo elektrizitate gehiena, milioika urtetan lur azpian egondako baso eta basoen fosilak direla likido edo gas bihurtutakoak. Denok kontsumitzen dugu ama-lurretik. Eskerrak neguko solstizioa berri onarekin datorkigun: eguzkia bere azkenetan badago ere, etorriko dela berriro ere izadi guztia berotzera eta energiaz berpiztera. Gizakiak ikertu beharko du sakonago nola aprobetxatu hobekiago dugun energia garbia bakarrenetakoa: eguzkiaren energia. Hala ere, basoak, zuhaitzak behar-beharrezkoak ditugu, gure arnasbideak baitira.
Negu-mugako ospakizun hauetan ere izan beharko genuke unetxo bat hausnartzeko, gutxienez jakiteko zer eta zergatik ari garen ospatzen. Arinkeria eta inozokeria izugarria dago. Gogoratu gure aurrekoek nola bizi zituzten baso, egur eta suarekiko erritualak, Gabon enborra edo Olentzero enborra sutan jartzean, adibidez.
Herrialde guztiek dute negu-mugako pertsonaia, eta euskaldunok geureari Olentzero deitzen diogu. Beste lurralde batzuetan bezala, gure pertsonaia ere basoarekin eta ikatzarekin lotutakoa da. Ona hemen batzuk: «Apalpador» ikazkina Galizian, «Esteru» basomutila Kantabrian, «El tió» Kataluniako enbor pertsonifikatua.
Gure pertsonaia den Olentzero asko «noelizatu» omen da, hots, Papa Noelen itxura hartzen ari dela esaten dute batzuek. Jostailuak eta opariak banatzeko orduan, beharbada bai. Baina oraindik Coca-Colak ez du blusa eta txanotxo gorriz jantzi. Opariena hain lotuta dago kontsumo munduarekin! Benetan zaila ikusten dut putzu horretatik irtetea, gurasoen eskuetan dagoela gehienbat esango nuke nik. Gizartearen, eskolaren eta gurasoen eskuetan dago, baita ere, Olentzerok basoarekin duen lotura mitologikoaren transmisioa egitea eta gure lur, baso, zuhaitz eta naturarekiko errespetua eta maitasuna areagotzea.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
