Gaizka Izagirre
HERNANI
SONIC THE HEDGEHOG 3 (SONIC 3: LA PELÍCULA)

Hiperbolikoa eta errepikakorra

Filmak triku urdin ikonikoaren unibertso koloretsu eta bizian murgilduko gaitu beste behin. Oraingo honetan, zaleek gehien espero duten antagonistetako bati egin beharko dio aurre: Shadow the Hedgehog.

“Sonic 3” frankiziaren ezaugarri den estilo bisual erakargarriari eusten dio, efektu bereziak nabarmenak dira eta akzio eszenak dinamikoak. Tira, batzuetan dinamikoegiak; ez dago arnasgunerako tarterik eta ume txikienentzat akaso gehiegizkoa izan liteke, guztia oso hiperbolikoa da.

Pertsonaia nagusien karismak indargune izaten jarraitzen du, bereziki Sonic eta bere lagunen arteko kimikari esker. Gainera, Shadow-ek tonu ilun eta serioagoa eransten dio narrazioari, eta umorea eta tramaren arintasuna orekatzen ditu. Robotnik doktorearen rola jokatzen duen Jim Carrey aktoreak, aldiz, sagaren zutabeetako bat izaten jarraitzen du. Bere energiak eta umoreak ukitu oso berezia gehitzen diote osotasunari, eta aspergarri samarrak diren hainbat eszena hobetu egiten ditu.

Istorioa, oro har, nahiko entretenigarria da, baina oso errepikakorra eta azalekoa.

Tonuan ere desorekak daude; zenbait eszenatan gai emozionaletan sakontzen saiatzen diren bitartean -Shadow-ren isolamenduan, adibidez-, beste eszena batzuk erritmoa eta giroa hausten dituen umore inozoz bustiak daude.

Sagaren zaleentzako oinarrizko irizpide batzuk betetzen dituen pelikula da, eta dibertsiorako zein nostalgiarako uneak erraz topa daitezke bertan; lehenengo bi filmak gustuko badituzue, honekin ere gozatuko duzue.

Gainerako ikusleek anbizio gutxiko istorioa dela sentituko duzue; entretenitzen duen filma da, baina ez du arrasto iraunkorrik uzten, zinema aretoko ateak gurutzatu eta ordu gutxira ahaztuko duzuen ekoizpena da.