Hasiera aparta, erdipurdiko amaiera

Azken Egunetako Santuen Mugimenduko (mormoiak) kide diren bi neska gaztek, etxez etxe beren fedearen berri ematen ari direla, okerreko atea joko dute: Reed jaunarekin (Hugh Grant) egingo dute topo. Hortik aurrera katuaren eta saguaren arteko jolas ilun eta makabro batean harrapatuta geratuko dira.
Ia film osoan zehar hiru pertsonaia horiek ageri dira; horien rola jokatzen Hugh Grant, Sophie Thatcher eta Chloe East. Guztiek lan aparta egiten duten arren, bereziki deigarria da Hugh Grantek egiten duena; tonu arinagoa duten filmetan ikusten ohitu gara, baina “Heretic” filmean orain arte ikusi ez bezala azaltzen da: iluna, beldurgarria, maltzurra eta makabroa.
“Heretic”, teknikoki nabarmena da; plano itxiak maiz erabiltzen dira eta etxeko argi-jokoek klaustrofobia sentsazioa areagotzen dute. Ia istorio osoa kokaleku bakarrean girotuta egoteak antzerki kutsu interesgarria eransten dio eta asko aberasten du pertsonaien arteko “jolasa”.
Beckek eta Woodsek atmosfera zapaltzailea eraikitzea lortu dute hasieratik. Filmaren lehen erdia da indartsuena eta interesgarriena: pertsonaien arteko hitzezko konfrontazioan oinarrituta dago eta tentsio psikologiko handia du. Bigarren zatian beldur esplizitua ageri da, generoan ehunka aldiz ikusitako kodeak eta topikoak erabiltzen dituzte eta ez da oso berritzailea. Gainera, narratiboki eraikitzen joan direnari itxiera emateko orduan, apur bat labaindu egiten da pelikula eta azken txanpan anabasa sortzen da.
Erlijioak pertsonengan nola eragin dezakeen hausnartzera gonbidatzen gaituen intrigazko film desafiatzailea da, eta, perfektua ez bada ere, bere originaltasunari eta planteatzen dituen galdera existentzial konplexuei esker, arrasto iraunkorra uzten duen proposamena da.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
