Bizitzako une txikien aldeko aldarri hunkigarria

Bikote batek bizitzan zehar bizitako momentu, maitasun eta zorigaitzek harilkatuko dute kontaketa. John Crowley zinemagile irlandarrak Almuten (Florence Pugh) eta Tobiasen (Andrew Garfield) istorioa aurkeztuko digu. Narrazioa ez da ordena kronologikoan eraiki: protagonisten bizitzako pasarteak nahasitako puzzlea balira bezala ikusiko ditugu. Maitemintzearen, sexuaren eta zaurgarritasun uneen artean jauziak eginez, Crowleyk maitasunaren hauskortasuna aztertzen duen drama erromantiko oso nabarmena zuzendu du.
Filmaren indarguneetako bat, hain zuzen, Pugh-en eta Garfield-en arteko kimika da. Jariatzen duten egiazkotasuna itzela da eta lortzen duten konplizitate maila, harrigarria; barrea eta negarra ez dira faltako.
Filmaren formari dagokionez, ez da bereziki deigarria; sinple samarra da, baina eskertzen da kontakizunaren gainetik jartzen ez den estetika izatea. Tonu bisuala, oro har, beroa eta nahiko nostalgikoa da, eta horrek indartu egiten du filmaren mezu nagusia: bizitzan partekatutako une bakoitzak, baita sinpleenak ere, balio kalkulaezina du.
Pertsonaiekin lotura sentitzea eta planteatzen duen buru-hausgarri horretan hasieratik sartzea dira gakoak; hala eginez gero, film ederra eta hunkigarria irudituko zaizue, garunean eta, batez ere, bihotzean iltzaturik geratzen den horietakoa; bestela, ez.
“Eternal Sunshine of the Spotless Mind” (“Olvídate de mí”) edota “(500) Days of Summer” bezalako proposamenak maite badituzu, “We Live in Time” (“Vivir el momento”) da ikusi behar duzun hurrengo pelikula. Drama erromantikoaren generoa berrasmatu ez arren, hunkitzea lortzen du film oso eder honek.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
