IKER GURRUTXAGA
DONOSTIA
Interview
LA FURIA
Rap abeslaria

«Erabakiguneetan egon behar dugu emakumeek eta disidentziak»

Rapa feminismotik ulertuta lantzen du Nere Loron (Cascante, 1983) ‘‘La Furia’’ abeslariak. Urte batzuk badaramatza horretan, eta orain bulego propioa ere sortu du, ikuspegi feminista hori sakonago lantzeko. ‘‘Ultra’’ diskoa kaleratu zuen 2024an eta zortzi abesti jaso ditu bertan. Zortzi bala. Etzi Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko du zuzenean.

(Ekaitz ZILARMENDI)

 

Euskararako bidea hartu duzun honetan, euskaraz emango duzun lehen elkarrizketa hau delako oker ez banaiz behintzat. Nolakoa izaten ari da euskararekin duzun harremana?

Bai, hori hala da. Bada, harreman oso polita da, baina baita zaila ere. Ni Cascantekoa naiz, bertakoa naiz eta txikitatik euskara nirea izan dut. Oso gauza berezia edo arraroa da, badakizue.

Orain, ordea, Gipuzkoara, Arrasatera, etorrita zaude. Aldaketa handia da?

Ni ez nator Cascantetik Arrasatera, tartean Bilbon eta Donostian ere bizi izan naizelako. Euskararekin dudan erlazioa gertukoagoa da Arrasaten. Gainera, ume bat ere izan dut, eta hor beste esparru batzuetan ere sartzen da euskara. Nire bizi guztian jorratu ditudan bideak euskararekin lotuta egon dira, baina orain toki handia hartu du euskarak, egunerokotasunean ere presentzia duelako.

Askotan aipatzen dituzu dekolonialismoa bezalako hitzak zure diskurtso feministan. Euskararekin eman duzun pausoa ere hautu politiko bezala ulertu behar dugu? Berdinetik berdinerako tratu horretan sartu behar dugu?

Bai, noski. Hiru gauza horiek elkarren artean lotuta daude. Dena kolonialismotik dator, eta euskaraz azaltzea ez da erraza, baina saiatuko naiz. Kolonizazioak egiten duena da botereaz baliatu kategorizazio bat ezarriz, eta inposizio guztia aurretik zegoen kultura guztia ezeztatuz lortu dute kolonoek. Gure hizkuntza eta kultura hor daude, hortaz, nazio-estatu kontzeptu hori erabat kolonizatzailea den zerbait da. Beraz, nire pentsamendu politikoan, hiru gauza horiek lotuta daude.

Erribera eta Arrasate bi mundu oso desberdin bezala ikusten ditugu. Baina, zuk esan duzun moduan, zuriak, gizonak… hegemonikoak diren gizarte matxistak direla bietakoak esan dezakegu, eta zuk «Ziertzoa» kantuan pixka bat horri ere heldu diozu. Erribera aipatzen duzun arren, Euskal Herriko edozein txokotan gerta daiteke abestian kontatzen duzuna.

Bai, baina esango nuke periferiako edozein txoko izango litzatekeela. Abesti hau eta diskoa orokorrean periferiaz hitz egiteko dator. Hortik nator ni, hor nago ni, eta orain pentsatzen dut ez dela toki hain txarra. Gauza ez da besteek zu sinistea, baizik eta zu nola agertzen zaren hortik. ‘‘Ziertzoa’’ kantuan euskalduna izatea niretzat zer den kontatzen dut eta beste euskaldunekin nola komunikatuko naizen abiapuntu horretatik kontatzen dut. Naizenari uko egin gabe eta itxurakeriarik gabe. Gure herria gaur egun oso plurala eta aberatsa da, eta bonsaia ondo babestuta edukitzearren, hau da, gure identitatea hain babestuta eduki nahi horretan, galdu egin daitekeela uste dut. Badakit zer gertatzen den kultura minorizatuekin, hizkuntza gutxituekin, kolonizatutako eremuak birrindu egiten dituztela. Baina nire ikuspegitik garrantzitsua eta urgentea da diodan hori mahai gainean jartzea, bestela gurea den jende oso interesgarri bat bidean galduko dugu. Horregatik diot, edo denok goaz edo ni ez noa bide horretan aurrera.

Konfort egoeratik ateratzen zarela edo atera nahi gaituzula iruditu zait abesti honekin. Ezkertiartzat zenuen aitonari ikuspegi feministatik egurra ematen diozu, eta nola gainera! Hemen esan nahi diguzuna, azken finean, ezkertiarra eta ez feminista ezin duela izan batek, hau da, ezkertiarra baldin bazara ezinbestean feminista izan behar duzula. Hori da?

Bai, hori da. Kantu hauekin ni erdigunean kokatzen naiz, eta ez ditut balak airera jaurti nahi, baizik eta nire bizipenetatik abiatzen naiz. Familiako punkienak egin zuena salatzen dut kantuan, eta ez dut gehiegi sakondu horretan, baina lerroartean irakurtzen dela uste dut. Hortaz, gure herrikora edota konfiantzazko tabernara joan eta ingurura begira jarri eta erasotzen gaituztenak nor diren identifikatu genitzake. Nor dira erasotzen gaituztenak? Gehienak gure familiatan daude, gure familia zabalean. Horri begira jarri behar dugu; ez badiogu horri begiratzen, Iñigo Errejonek egin dituenak harritu egingo gaituelako, eta ni ez nau harritzen, eraso matxistak gure bizitzetan oso presente daudelako. Gure ondoan eta gure kideek ere egin dute halakorik. Beraz, horri begira jartzea sendatzeko modu bat ere bada, denok sinistuko dugun herri baten eraikuntzarako bidean egin beharreko zerbait.

Hitzaldi batean esan zenuen: «Talentudun emakumeak gutxi badira, eta hori ez da horrela, errepikatu daitezela behin eta berriz izen berak karteletan».

Zeozer gertatzen delako da. Ez soilik jaialdi konkretu batean, baizik eta toki guztietan. Biztanleriaren erdia garela! Erabakiguneetan eta gauza hauetaz hausnartzen den tokian emakumeak eta disidenteak egotea garrantzitsua da. Beharrezkoa. Eztabaida ez da gauzak ondo egiten ari garen edo ez. Oholtza gainean gaude eta musika sortzen ari gara, baina pentsatzen duten tokietan eta dirua mugitzen den tokietan, hor egon behar dugu.

Mimosa Bulegoa ere abiatu duzue. Kontatu egiguzu bertan zer eskaintzen duzuen artista baten lan egiteko moduetan, zer duen ohiko bulego batetik desberdina…

Mimosa Cata Garciarekin sortutako zerbait da, umetxo bat da guretzat. Mimoa, egia eta lana gogotik egitea eskaintzen dugu hemen. Gure ikuspegia feminista eta queer-a da. Nire lankide Cata ere nafarra da, euskararekin ni baino aurreratuago doa askoz ere, nahiz eta euskaldun berria izan. Hortaz, euskara, feminismoa eta queer ikuspegi hori erdigunean jartzen dugula da berezitasunetako bat. Beste logika batzuetatik pentsatzea zen gakoa; ez dugu esaten existitzen ez zenik, baina nire esperientziaz konturatzen nintzen, diskurtso feministak oholtza gainean egon arren, atzealdean ez zirela aurrera eramaten.

Femeninoa bai, feminista ez. Hori ere zuri entzuna da.

Bai, hori da. Hori beste meloi bat da eta askotan nahasten den zerbait da eta, gainera, ez da inozentziaz egiten. Niri femeninoa gutxi axola zait, egia esanda; niri feminista eta transfeminista den hori interesatzen zait, eta hortik sortzen den lan guztia. Hortaz, artista feminista batek oholtzan bere lana jarri eta ibilbidea izan dezan, haren atzean ikuspegi feminista egotea ezinbestekoa iruditzen zait, bestela mahaiko hanka bat faltako litzateke, eta lana ez da bere osotasunean ongi egingo. Ez da erraza, baina hor gabiltza lanean.

Iluntasuna duen lana da «Ultra». Musikalki denetarik du, electro-minimala, pop-elektronikoa, technoa, kantu akustiko bat, drill mundua eta reggaetoia. Zer bilatzen zenuen?

Diskoa hasiera batean ez zen biribiltasun batez pentsatu. Abestiak egiten hasi nintzenean, nik entzun nahiko nituzkeen abestiak sortzen hasi nintzen. Ekoizleei edo lan egiten nuen jendeari hori eskatzen nien. Bakoitzari badakit zer eskatu. Elektronika Rec Overflow eta Iñaki Bengoarekin, beste batzuk Jimbo Paezekin, aspalditik laguna dudana… Une oro saiatu nintzen ihes egiten zer entzuten den edo boladan zer dagoen horretatik; nahi nuenera joaten nintzen aldiro-aldiro. Zurekin nahastuta egongo da hori azkenean, baina nagia sortzen didan zerbait da. Egiten ari den hori, egiten ari da, ez da gehiago behar hortik akaso. Nik ez dut publikoaren presiorik, nigandik ez da ezer espero… Lau zorok entzuten dute nire musika, eta ni naiz zororik handiena eta horretarako egiten dut nik musika. Berrogei urte bete ditut, hamar urte noa La Furia proiektuarekin eta merezi dut disko hau niretzat.

Kontzertuen datarik badaukazue?

Urtarrilean bertan hasiko gara birarekin. Show oso berezia prestatzen gabiltza, desberdina. Hilaren 9an Bilboko Kafe Antzokian izango gara, eta 25ean Donostiako Intxaurrondo kultur etxean. Lau egongo gara oholtza gainean, eta bereziak izango dira. Oso pozik nago Girando Por Salas ekimenaren barnean hautatuak izan garelako, taldearentzat oso ona delako, Estatutik bira bat egin dezakegulako gure proposamena aurrera eramanez, dirurik galdu gabe. Nire energia eta nire lana gauza politak ekartzen ari da, gure diskurtsoa mahai gainean jartzeko. Eta proposamen berrietara zabalik ere banago.