«Zurrunbilo batek irentsi nau emanaldiaren ondoren»
Pello Reparazek (Arbizu, 1990) duela bost urte abiatu zuen Zetak proiektua, GARAri azaltzen dion bezala, «elkarrekin berotzen den lantalde bat». Eta hori da aurreko asteburuan Nafarroa Arenan ikusi zenaren funtsa. Fikzioa zirudiena errealitatera ekarri eta dena nafartasunetik eta euskaratik. Emaitza? Hausnartzeko betarik ematen ez duen zurrunbiloa.

Zetak taldearen lehen abestiak, duela bost urte, hala zioen: “Hi Pello, ze ostiya?” Zer gertatzen ari da?
Ez badidazu zuk esaten, ni ez naiz oso gai erantzuteko. Zaila da hau deszifratzea eta sentitzen dut denbora bat pasatzea behar dudala jazotzen ari den guztia hau ulertzeko. Ez dut sekula halakorik bizi izan; ez nekien kontzertu batek halako inpakturik izan zezakeenik ere. Berria da hau hainbeste aspektutan eta zaila da hau nolabait deszifratzea.
Aurreikusten zenuten?
Egin dira maila honetako, hainbeste jende elkartu duten, kontzertuak, Euskal Herrian. Lan asko egin dugu, maitasun handiz prestatu dugu show-a, bizitza eskaini diogu azken hilabeteetan. Eta espero zitekeen inpaktua izatea. Kontua da norainokoa izan den inpaktu hori. Ni zurrunbilo batek irentsi nau emankizunaren ondoren, eta hor hasi naiz ikusten agian beste zerbaitetaz ari garela.
Baina “promo”-an ere esaten zenuten. “Ez da kontzertu bat”.
Zetaken idiosinkrazian dago gauzak zalantzan jartze hori. Zer espero da gurea bezalako proiektu batengandik? Kontzertu bat. Ba, saia gaitezen beste zerbait egiten. Zorionez, horrek bestelako leku batzuetara eramaten gaitu, ez hobeak, ez okerragoak, baina maiz ezberdinak. Harro gaude eta hortik jo nahi dugu.
Horrela hasi ginen “Mitoaroa” prestatzen. Beti esan dugu Zetak proiektu artistiko multidiziplinarra dela eta ari gara hori paperetik harago errealitatera eramaten.
Hilabete batzuk atzera Egingo dugu. Nola jaio zen “Mitoaroa” egiteko ideia?
Sinesten dut “Aaztiyen” diskoarekin norabait heldu garela. Etengabeko bilaketa prozesua da Zetak. Nahiko engorrosoa den prozesuan maiz ez duzu aurkitzen «A! Heldu naiz hona!», baina “Aaztiyen”-ekin bai. Zerbait gertatu zen. Abesti guztietan zeuden printzak, unibertso bat sortzen ari zen, mitologia asko…
Halako batez, “Aralarko dama” idatzi nuenean sentitu nuen bai sonoritate, bai iruditegi, bai istorio aldetik, bazegoela beste zerbait. Zerbait aurkitzearen sentsazioa izan nuen. Basoan zoazenean bezala, oinez aurrera, zer aurkituko duzun ez dakizula, deskubritzen zoaz eta halako batez zelai moduko batera iritsi eta hara! Hasten zara gehiago inbestigatzen eta ezagutu duzun hori gehiago ezagutu nahian. Orduan, esan genuen, nola litzateke “Aaztiyen”, kontzertu batera baino, bestelako ikuskizun batera eramango bagenu?
Abesti bakoitza bereziki jantzita eta landuta aurkeztu zenuten. Baina nola prestatu da Pello Reparaz?
Jende asko ari da lanean proiektuan eta kontuan hartuta ahotsa eta proiektuaren burua naizela, erabaki nuen Eguberrietan isolatzea. Ez dut familiarekin bazkaldu, ezta lagunekin ere, eta egun berezi horiek bakarrik etxean pasa ditut. Sentitu dudana da egin beharra nuela, bermatzeko. Nahiko bakartiak izan dira egun horiek, baina oso enfokatuta izan naiz.
Bakardadetik 30.000 lagun biltzera.
A zer kontrastea!
Kontrasteak, Vendetta, Arrasate, Erramun… Emozio ginkana bat izan zen.
Era nahiko naturalean sortu dira kontu hauek guztiak. Kontzertuari dagokionez, bai, erabaki oso estrategikoak hartu dira, hari bat dago, emozio zehatzak landu hemen, gora, behera… Hori dena neurtuta dago. Baina parte-hartzaileena era naturalean sortu da.
Erramun ez dago gurekin biran etortzeko, baina noizbait gertatu beharra zuen. Ez da egin “Itzulera” abestiak izan duen inpaktuarekin. Maixux eta alabak, ba, atera berri dugu abestia. Vendettako lagunak. Banan-banan deitu eta denek eman zuten baiezkoa. Horrek betetzen nau. Gauza ederra da.
Eta Arrasateren sorpresa.
Harremana dut, baina ez gehiegi. Baina hor hasi nintzen sinesten proiektuak, “Mitoaroa”-k, Nafarroan izan zezakeen pisu sinbolikoa, Zetak proiektu nafarra izanik, euskaraz abesten duena, Nafarroa Arenan… Ba Nafarroan euskararen normalizazioaren alde halako aportazioa egin duen Jagoba bat eta jakinik bertsoak egiteko eta botatzeko duen gaitasuna... zergatik ez? Gure nafartasunetik euskararen aldeko aldarrikapena egiteaz gain, zergatik ez berretsi.
Agerian dago ikusleen barrenak mugitu zenituela. Zeureak ere bai?
Nahiko intermitente, egia esan. Badira showaren parte batzuk teknikoki eta performatiboki oso exijenteak direnak eta momentu horietan ikaragarri kontzentratuta nago eta ez naiz gai jazotzen ari dena perspektiba orokorrago batetik sentitzeko. Baina beste batzuetan… Adibidez, Erramun heldu beharra nuen “Xalbadorren heriotzean” abesten ari zenean, eta zer esan! Nolako intentsitatea, erokeria hutsa!
Euskara. Ez al ginen kontziente euskaraz horrelakoak sor zitezkeela?
Ni ere ez nintzen kontziente. Nahigabe deskubritu dugu hori ere egin daitekeela. Paperean, asko amesten du batek. Asko irakurtzen dut eta fikzioa irakurrita sartzen zara paperean. Gero heltzen zara bilerara eta zure mobida hori batzuetan ongi hartzen da eta besteetan ez. Elkarrekin berotzen den lantalde gazte eta gogotsua dugu eta fikziotik zetozen hainbat proposamen egingarri bilakatu dira.
Hondar politikoa ezin uka.
Horretan sinesten dut. Jagobarena aipatzen nuenean ere hortik nindoan. Badakigu nolakoa den hau. Kolpe-kolpetik euskaraz abesten duzunean Nafarroan, gonbidatu horiek hartzeko hautua egiten duzula edo aldarrikapen zuzenak egiten dituzularik, nahiko premeditatua dela esan dezakegu Zetaken kutsu politiko hori.
Ikusi al duzu emanaldia?
Ez osoa. Ez dut betarik izan. Hainbat arazo tekniko izan genituen. Jakin nahi nuen zer-nolako erreperkusioa izan zuten horiek azken emaitzan. Baina momentu egokira itxoiten ari naiz fundamentuz ikusteko eta nire konklusioak ateratzeko. Eta ikasteko ere hortik. Bueno, lehendabizi disfrutatzeko ere bai.
Halakoen osteko «hutsunea» askotan entzun da.
Egia da proiektuaren kudeaketan orokorrean badirela momentu batzuk, erabakiak hartzeko bidean adibidez, azken hitza duen hori bat bakarra izatea abantaila dela, besteak oso kontuan hartzen ditudan arren. Baina bestalde, batzuetan nahiko bakarrik sentitzen zara proiektuaren prozesu ezberdinetan. Agian, artista handiagoek sentitzen dute halako hutsunea bestelako faktoreengatik; ez dakit, niri eskapatu egiten zait. Zorionez, kontzertua amaitu eta familia nuen han, lagunekin egon nintzen, herri ezberdinetatik gurekin parte hartzera etorri zirenekin... Eta orduan, ba bueno, bakarrik sentitzetik nahiko urrun egon nintzela esan beharra dut.
Eta hemendik aurrera ere hutsunetik gutxi. Illunben betekada hirukoitza.
Bai. Bai, bai, bai. Hitz lodiak dira hauek. Lehen espektatiba bazen, baina bagenuen argi eta garbi esku artean espektatiba horien alturan egon zitekeen ikuskizunik, bagenituen hainbat karta gordeta. Baina orain presioa erabatekoa da. Gogoz helduko diogu. Ebakuntza daukat hurrengo astean. Aste batzuk pasatu eta hasiko gara berriz buru-belarri.
Eta Illunbetik harago, nola dator urtea?
Bira amaiera gisa planteatu genuen eta orain ba “mamotreto” bilakatu da. Eta uste dut urtea birplanteatzeko asmoa dagoela. Egia da ezin izan garela oraindik fundamentuz eseri, zurrunbiloan gaude eta. Urtea mugitua izango da, baina bai, oso-oso serioski hartu nahi dugu Illunbekoa.
Imajina dezaket burua ez dagoela geldirik egoteko, baina deskonektatu eta atsedenerako beharrik ez duzu?
Erabatekoa. Erabateko beharra daukat. Esperantza daukat aipatu dudan ebakuntzak behartuko nauela hor botata eta geldirik samar egoten. Nire burua ez da gelditzeko erraza den horietakoa. Eta horrek ez du behar fisikoki mugitu, baina saiatu behar naiz lasai egoten, asko irakurtzen. Pelikulak ditut pendiente ere eta geldi-geldi, belaunak uzten badit, herrian ere txakurrarekin bueltaka ibiltzeko eta lagunekin egoteko gogoa daukat.

Llamada a articular una narrativa desde la izquierda para confrontar

EH Bildu cierra su Congreso con la ambición de avanzar para ser Estado

Suerte desigual para los cineastas vascos en unos Goya desconcertantes

«Itzaletik argira pasatu behar dugu torturatuok, aitortzarako garaia da»
