Jon GARMENDIA
Idazlea

Kazike

Cacique hitza ronarekin lotzen nuen garaian, oroitzen dut euskal errefuxiatu politiko batek erakutsi zidala bere erranahia. Antilletako taino hizkuntzan buruzagiari hala deitzen ziotela indigenek. Bestalde, Hugo Chavezi entzun nion Guaicaipuro lehen aldiz, bolivartar iraultza defendatuko zutela erranez, «aquí estamos los hijos de Guaicaipuro». Eta hor hasi nintzen ikertzen Guaicaipuroren berri, cacique bat izan zela jakiteraino; Teques tribuko buruzagi indigena, XVI. mendean lurren eta eskubideen defentsan konkistatzaile espainiarren aurka egindako borrokagatik maitatua eta miretsia, egun Venezuelako indigenen erresistentzia sinbolizatzen duena. Horrela imajinatzen dut garaiera handiko borrokalaria, Andeetako eguzkipean distira egiten duen azal iluneko indigena. Lurrarekin bat egina, antzinako jakinduriaren gordailu. Guda-gizon ausarta, borrokaren trebetasunez jantzia, baina estratega adimentsua, tribu desberdinak elkartzeraino. Konkistatzaileen aurka heriotzaraino borrokatu zen, nahiago izan zuelako aske hil menpean bizi baino. Eta gaur, guri, konkistatzaile berdinen menpean gaudela ulergaitz zaigunoi, arrotzak egiten zaizkigu halakoak. Idatzi hau Venezuelatik bidaltzen dut. Herri alai, adoretsu eta bizi bat aurkitu dut hemen, kazikeen testigua hartu eta elkarrekin konkistatzaileei aurre eginez. Gutxiengoa den oligarkiak ez du gauza bera erranen, baina gehiengoa den herritar xumeak bai. Hautatu norekin zauden.