GARA
BILBO

50.000 afiliatuen langa gaindituta egingo du LABek biltzar artekoa

Biltzar arteko batzarra egitekoa da LAB datorren hilean eta bertan landuko dituzten lanen berri eman du sindikatuak, afiliazioan izan duten gorakada azpimarratzearekin batera: 50.000 afiliaturen muga igarota helduko da bilerara. Halaber, irudia eta ikurra berrituko dituzte.

Bilbon egin dute prentsaurrekoa Igor Arroyok eta Izaskun Garciak.
Bilbon egin dute prentsaurrekoa Igor Arroyok eta Izaskun Garciak. (Mikel MTZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Ikurra eta irudia berrituta eta 50.000 afiliatu baino gehiago dituela egingo du LABek biltzar arteko batzarra otsailaren 25ean. Irungo Ficoba aretoan egingo dute eta bertan jorratuko dituzten gaien berri eman zuten LABeko koordinatzaile nagusi Igor Arroyok eta antolakuntza idazkari Izaskun Garciak, atzo Bilbon egindako prentsaurrekoan. Biltzar nagusien artean LABek egiten duen parte hartze ariketa da biltzar artekoa: 2022an Baiona-Biarritzen hautatutako zuzendaritzak ponentziak garatzeko egindako kudeaketaren berri emango die 500 biltzarkideei.

Biltzar nagusitik honako balantze politikoari dagokionez, hiru gako nabarmendu zituen Arroyok: horietako lehena, LABek borroka laboralen eta sozialen artikulazioan egindako ekarpen «esanguratsua». Azpimarratu zuen urtero «200 borroka laboraletan» parte hartu dutela eta horri esker lortu direla «hitzarmen asko desblokeatu eta milaka langilerentzako hobekuntzak».

Horrekin batera, Arroyok nabarmendu zuen «erantzun orokorragoak ahalbidetzeko» egindako lana, hala nola zaintza eskubidearen aldeko greba feminista orokorra, lan istripuen aurkako erantzuna, gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika eta Palestinaren aldeko mobilizazio sindikal bateratuak.

Bigarrenik, agenda politikoan eragiteko gaitasuna azpimarratu zuen Arroyok: «Biltzar Nagusian patronalari eta haren aldeko alderdi politikoei eremu guztiak lehiatzeko apustua egin genuen eta emaitzak eman ditu».

Halaber, «langileontzako funtsezko gaiak» agenda politikoaren erdigunera eraman izana nabarmendu zuen, esaterako, «zaintza, osasun sistema, etxebizitza, gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsioa».

Azkenik, LABek «eredu sindikalaren berrikuntzarako egindako ibilbidea» goraipatu zuen Arroyok: «Hiru garai desberdinetan aitzindari izan da LAB eta berak egindako ekarpenek Euskal Herriko ekosistema sindikala eraldatu dute».

Ildo horretan, azken biltzar nagusian hartutako konpromisoaz aritu zen: «LAB sindikatu antirrazista bilakatzeko apustua egin genuen eta I. Barne Plan Antirrazista osatu dugu». Halaber, «estrategikoa den beste gai batean» sakontzeko asmoa agertu zuen, hots, «ekosozialismoan».

IKUR ETA IRUDI BERRIAK

Eredu sindikalean egindako garapena adierazteko, ikurra eta irudia berritzea erabaki du LABek. Bere historiako hirugarren ikurra bigarrenaren garapena dela azaldu zuten, eta hiru berritasun dakartza: «Batetik, ertzak borobildu zaizkio, feminismoaren eragina islatu nahian; bestetik, kutxa ireki egin da, sektore gehiagotara zabaltzeko bokazioa irudikatuz; eta azkenik, ‘Euskal Sindikalismo Eraldatzailea’ esamoldea gehitu zaio».

AFILIAZIOAN GORAKADA

Afiliazioari dagokionez, «hazkunde fase etengabean» dago LAB, Izaskun Garcia Antolakuntza idazkariak nabarmendu zuenez: «2021eko abenduan Biltzar Nagusia deitu genuenean 46.178 afiliatu zituen sindikatuak eta egun 50.629 afiliatu gara. Hau da, azken hiru urtean %9,7ko hazkundea izan dugu (4.451 afiliatu gehiago). Hamarkada batean (2014-2024) 39.664 afiliatu izatetik 50.629 izatera pasa gara; 10.965 gehiago. %27,7ko hazkundea, beraz, hamar urtean».

Ildo berean, Garciak azpimarratu zuen LAB «gero eta langile gehiagorentzat erreferentea bilakatzen» ari dela, bereziki emakumeen artean: «Orain hamar urte emakumeak* gure afiliazioaren %38 baziren, egun %44,54 dira».

«Hazkunde honetan gakoak izan dira langile sektore guztientzat borrokarako eta antolakuntzarako eskaintzetan egindako urratsak, zein lan eta bizi baldintza prekarioak pairatzen dituzten langileen sindikalizazioa errazteko hartutako erabakiak», azaldu zuen. Izan ere, gogoratu zuen sindikatuak «klase elkartasuna oinarri duen afiliazio sistema» ezarrita daukala: «Diru sarrera gehiago duten afiliatuen ekarpenei esker sarrera murritzagoak dituztenen afiliazioa ahalbidetzen duen sistema da gurea».

ORDEZKARITZA SINDIKALEAN HAZKUNDEA

Ordezkaritza sindikalean ere hazten jarraitzen du LABek, jakinarazi zutenez: «9. Biltzar Nagusia deitu genuenean, 2017ko abenduan, 4.235 ordezkari genituen Hego Euskal Herrian. Ordezkaritzaren %18,13 (%18,96 EAEn eta %15,72 Nafarroan). Egun dauzkagun azken datu ofizialekin (2024-10-31) 5.187 ordezkari ditugu; ordezkaritzaren %19,80 (%20,51 EAEn eta %17,84 Nafarroan)». Halaber, egungo ordezkarietatik 2.169 emakumeak omen dira, %41,8. «Ordezkaritzan emakumeen* presentzia handitzeak erronka izaten jarraitzen badu ere, aurrera urratsak egin ditugu eremu honetan ere», esan zuten.