«Inauterietan badago euskal tradizio bat gozpuzteko nahi eta behar bat»
“Herri inauteriak, iragana ate joka” podcastaren lehen atalean Aitzpea Leizaola antropologoak inauteriek Euskal Herrian izan duten garapena azaldu du; frankismo garaiko debekuetatik gaur egungo berreskurapenera: «Batzuetan inauteria irudikatzen da haurren kontu bat bezala, baina inauteria indartsu dagoen tokietan umeak ez dira mozorrotu izan».

Azken urteetan inauteri berriak sortu edo berreskuratu dira Euskal Herrian: libertimenduak Añorgan, Iruñean eta Baiguran, herri inauteriak Arabako hainbat herritan, atorrak eta laminak Mundakan... Horietara bidaia gidatu bat da Mediabaskek eta NAIZ Irratiak elkarlanean osatu duten “Herri inauteriak, iragana ate joka” podcasta (astearte eta ostegunetan 14.05ean) eta lehen atalean izan da Aitzpea Leizaola antropologoa.
Maiz agertu da inauterian akaberaren eta berpiztearen auzia, ezta?
Azken batean, inauteriak irudikatzen duen hori bera erreproduzitu dugu ikerlariok ere. Inauteriek irudikatzen dute ziklo baten amaiera, nolabait ere urte baten bukaera eta garai berri baten hasiera. Amaiera eta berpiztea, biak agertzen zaizkigu eta ikerlariok ere horri heldu diogu; batzuek, argudiatzeko bere garaian desagertu egin zirela eta hor Caro Barojaren lanak aipatzekoak dira. Eta beste batzuek Caro Barojaren lanetatik 20 urte beranduago erreparatu zioten, eta diogu berpiztearen fenomenoari.
«Inauteria betiko hilda», esan zuen Caro Barojak...
Berak Europako testuinguruan inauteriak ulertzeko lan esanguratsua egin zuen eta Euskal Herriko hainbat inauteri aipatu zituen. Berak argudiatzen zuen inauteriak bereak egin zuela, nolabait ere zentzua galdu zuen argudiotik.
Frankismoan izan zen debekuak etena eragin zuen garaiko inauterietan?
Ofizialki bai, baina praktikan hainbat herritan mantendu egin zen eta hirigune batzuetan ere bai. Hainbat lekutan mantendu ziren inauteriak; horietako askotan lortu zuten herrian oso errotuta zeudelako. Batzuetan modu ia klandestinoan mantendu ziren, mendialdeko baserri inguruetan edo egiten zirelako puska biltzeak eta abar.
Esan genezake 70eko hamarkadan inauterien berreskuratze bat gertatu zela?
Bai, 70eko hamarkadan loraldi handi bat dago, berpizte handi bat, berreskuratze eta sortze prozesu inportante bat. Diktaduraren amaierarekin bat egiten duen momentua da, bai eta kulturaren eta euskal kulturaren inguruan dagoen kezka eta indar egite baten ondorio ere. Baina Europa osoan gertatzen den fenomeno bat ere bada. Eta horregatik ere Ipar eta Hego Euskal Herrian egoera politiko oso ezberdina bizi izan zuten arren, garai bertsuan gertatzen da antzeko fenomeno bat mugaren bi aldeetan.
Indarrean diren arau sozialak bertan behera uzten dira inauterietan?
Arau sozialak eten egiten dira, irauli egiten dira, hankaz gora jartzen dira eta inauteriak funtzionatzen du eskape balbula gisa. Egun jakin horietan dena da zilegi. Nolabait, behe mailan daudenek goi mailakoei kritika egiteko aukera plazaratzen da. Gehiegikerien garaia da: gehiegi jan, gehiegi edan, sexu desmasiak... arau sozialak markatzen dituen esparruak gainditu egiten ziren, eta dira oraindik ere, eta, noski, hori oso erakargarria da. Hala ere, badira beste irakurketa batzuk adituen aldetik, horrek bermatzen duela inauteriak amaitutakoan ordena soziala berriz ere berera itzultzea, ez du ekartzen gizartearen eraldatze bat; nolabait autorregulazio fenomeno bezala ere irakur daiteke.
Araua baieztatzen duen salbuespena?
Bai, da garai bat zeinean dena zilegi den. Gero, berriro ere, gauzak bere onera itzultzen dira. Eta, noski, kristautasunak hor jartzen du Garizuma, dela garairik introspektiboena eta gabeziak markatutakoa. Ez haragirik, ez ardorik, ez sexu-harremanik... 40 egunez garbitasunean aritzeko tartea, bai gorputzeko, baita arimako garbitasuna ere. Inauteriak hartzen du hor nolabait indar handiago bat, kontra egiten dio horri, baina aldi berean hori da atzetik datorrena.
Podcastaren izateko arrazoira etorrita, antzeman dugu hainbat herritan inauteriak berreskuratzeko gogo bat pizten ari dela... Hala da?
Badago inauteriak eraberritzeko joera bat eta bi moldetan egiten ari dira. Batetik, bada berreskuratzearen logika, «bueno, goazen arakatzera hemen eta bertako jende nagusiarekin hitz eginda gaztetan zer egiten zuten», hori berreskuratu eta gaurkotzeko, ze ez da berreskuratzea 1920ko hamarkadan egiten zena, gizartea aldatu egin delako eta orduan egiten ziren zenbait gauza gaur egun ez direlako onargarriak, edo ez dutelako zentzurik. Eta bada beste logika bat, «bueno, guk dakigula ez dago bertako inauteririk, edo ez dugu topatu, baina inauterietan zerbait egin nahi dugu eta, gainera, zerbait propioa izatea nahi dugu».
Imajinazioa ere badago hor. Ariketa interesgarria da, ze beti irudikatzen da tradizioa iraganetik datorren gauza aldaezin bat bezala eta tradizioak, zerbait baldin badira, duten moldatzeko gaitasuna dira, gauza berriak sortu eta gizarteak bere egiten dituenak, errepikakortasun zikliko batean baitan kokatzen diren fenomenoak dira. Inauterien inguruan hori bera gertatzen da eta horrek ematen dio fenomeno honi guztiari ikaragarrizko dinamikotasuna.
Izen asko dituzte inauteriek, eta pertsonaia eta erritu zerrenda luzea osa genezake... Hain askotarikoa da ala uste baino antzekotasuna eta lotura gehiago topa ditzakegu?
Badaude ezaugarri komunak dituzten pertsonaiak eta horiek dira nolabait zikloaren amaieraren ideiari jarraiki doazenak. Hor agertzen dira, adibidez, gaizkilearen figura irudikatzen duten pertsonaia desberdinak: Miel Otxin izan edo Markitos edo Lizarran berreskuratu dutena: kondaira baten haritik edo jaso dute Aldabika pertsonaia. Bidelapurrak edo gaizkile bat edo halakoak izaten dira, Zanpantzar Lapurdiko kostaldean berreskuratu zutena epaitu eta erre egiten da. Urte osoko txar guzti horiek desagerrarazten diren ideia nagusitzen da.
Badira beste pertsonaia batzuk bazterrak nahasten ibiltzen direnak; hor ere herri bakoitzak izen berezi bat asmatu du hauek deskribatzeko. Askotan dira onomatopeia modukoak, txatxoak, momotxorroak... Bazterrak nahasten aritzen dira; gaur egun espazio publikoan, baina 70eko hamarkadan eta gerraurrean etxe barneetara ere sartzen ziren, bertakoen baimenik gabe. Imajinatu, 200-300 biztanleko herri batean gazte bat sukalderaino sartzen dela, mutu, ez dakizu nor den... zer zirrara, ezinegon sor dezakeen! Intentsitate handiko momentuak ziren.
Esandakoak esanda, hausnarketa eskatu nahi dizut. Zertan da inauteria?
Euskal Herrian badago inauteriak ospatzeko ohitura eta joera handi bat, historikoki esango nuke, baina baita gaur egungo begiradatik ere, hainbat herritan eta hiriguneetan indar handia hartu duen fenomenoa den heinean. Ez da Euskal Herrian gertatzen den fenomeno bat bakarrik. Europa osoan egon da halako berreskuratze prozesu bat.
Eta aipatu beharko bagenu euskal inauteria baden ala ez, esango nuke hori dela XX. mende amaieran sortzen den kategoria edo etiketa bat, bilatzen duena halako tradizio propio bat, herri mailan nork bere identitatea irudikatzeko, gorpuzteko, plazaratzeko behar batetik abiatzen dena. Landa eremuko inauteriei begiratzen badiegu ikusten dugu badaudela hainbat pertsonaia, hainbat gertakari, erritu eta ekintza komunak direnak Europako beste zona batzuetan: Pirinioetan eta Gaztelan, edo Frantziako Alpeetan, Bulgarian, Grezian eta Italiako hainbat herritan ere agertzen direnak. Hor badago halako oinarri edo elementu partekatu bat... Baina, bai, badago, gaur egungo ikuspegitik, euskal tradizio bat pentsatu eta gorpuztu nahi eta behar bat.

«Leiala izan naiz aita sinboliko eta ez sinbolikoekin, kosta zait apurtzea»

«Díaz y Errejón son distintas fases de una operación contra la izquierda»

«El Inhumano», señalado por tortura en Via Laietana y en Gipuzkoa

Disney diluye su compromiso con las minorías y la igualdad
