Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
JERRY SPRINGER: FIGHTS, CAMERA, ACTION

Entretenimendua, kosta ahala kosta

The Jerry Springer Show’’ AEBetako saio polemikoaren nondik norakoak aztertzen dituen serie dokumentala. Bi ataletan, telesailak begirada sakona eskaintzen die saioaren eskandalu nabarmenei, bai kameren aurrean bai atzean gertatu zirenei. Muga etiko, moraL eta (ia) legal guztiak zeharkatu zituen saioa izan zen. AEBetako historiako telebista saio gaitzesgarri eta zitalenaren atzean zegoen guztia erakusten du.

Lehenbiziko atalean Richard Dominick ekoizlearen gidaritzapean saioak izan zuen eraldaketa aztertuko dute; izan ere, Dominickek, audientzia datuak handitzeko helburuz, edukia muturreko sentsazionalismora eraman zuen. Gertakari polemikoak eta sinestezinenak nabarmentzen dira.

Bigarren atalean eduki eskandalagarriagoaren bilaketa etengabearen ondorioak aztertzen dira, gonbidatuengan eta ekoizle taldearengan izan zuen eragina barne. Hainbat kasu tragiko ere aztertuko dituzte; Nancy Campbell-Panitz, programan parte hartu ondoren senar ohiak hil zuen emakumearena, adibidez. Ekoizleen erantzukizunari buruzko galdera ugari eragingo ditu horrek.

Dokumentalak hain ikuskizun neurrigabearen atzean dagoen makineria argi azaltzea lortzen badu ere, batzuetan badirudi bere jarrera kritikoa zalantzan jartzen duela. Ikuspegi anbiguo horrek indarra kentzen dio hedabideetako etikari eta erantzukizunari buruzko mezuari.

Azaleko entretenimenduaz harago, telebistako etikari eta ikusleak harrapatzeko giza emozioak ustiatzeari buruzko galdera kezkagarriak planteatzen ditu telesailak.

Entretenimenduaren mugez hausnartzera gonbidatzen du.