Hizkuntza gutxitua, boterearen aurka

Kneecap Ipar Irlandako hip hop hirukotea da. Rich Peppiatt zinegileak zuzendutako komedia dramatiko honek Belfasteko hirukote musikalaren egunerokoa azaltzen du. Taldea, ikuspegi probokatzailea erabiliz, Irlandako jatorrizko hizkuntzaren defentsa sutsua egiteagatik da ezaguna. Pelikularen ezaugarri nagusiak, tonu lotsagabea, erritmo bizia eta protagonisten izaerarekin bat doan estilo bisual kementsua dira. Argumentuak umore garratza eta gazteen kulturako elementuak nahasten ditu, drogen, musikaren eta Ipar Irlandako hizkuntza gatazkaren erreferentziak barne. Tonu lotsagabeaz harago, filmak gai sakonak jorratzen ditu, hala nola hizkuntza gutxituaren zaintza, kultura nortasuna eta zapalkuntza politikoaren aurreko erresistentzia.
Kneecap taldeko kideek euren buruaren rola jokatzen dute, eta horrek benetakotasuna ematen dio narratibari. Michael Fassbenderrek ere parte hartze nabarmena du, pertsonaietako baten aitaren rola jokatzen baitu.
Filmaren izaera frenetikoa aipatu dut lehen; Peppiattek erritmo bizia erantsi dio filmari, hiriko zinema britainiarraren lanik onenak gogorarazten dituen estilo bisual zirraragarriarekin. Muntaketa lan azkarrak, kolore biziek eta soinu banda kementsuak gazte kultura lotsagabe baten bihotzera garraiatzen dute ikuslea. Zenbait unetan gozagarria da, baina bestetan gogaitu egiten du. Apenas dagoen arnasa hartzeko tarterik, eta nekagarri samarra da.
Lan ausarta eta probokatzailea da, komedia eta kritika soziala orekatzen dituena, baina bere funts errebeldea galdu gabe. Hizkuntza gutxitua boterearen aurka borrokatzeko modu bat izan daitekeela aldarrikatzen duen film aparta.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
