Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Akordioa

468. egunean heldu da 468 egunez eskatzen egon garena. Gutxieneko urratsa. Hala ere, ez dute indarrean jarriko igandera arte. Arratsaldeko hamabiak eta laurden arte, Gazako ordutegiaren arabera, zehatzago esanda. Su etena. Suaren etena. Geldialdi bat besterik ez.

«Atseden bat har dezakegu orain?», galdetzen du Mosab Abu Toha poetak. «Agian hilabete edo urte / gutxi batzuetarako hil / eta poema osaturik dagoenerako / esnatu / gure lorategiko loreak / hazten hasi direnean / beren usainak erakarrita kurloiek / gure etxeari bisita egin diezaioten, / eraiste-hondakin baso txiki bat den gure etxea».

Iragarpena egin eta ordu gutxi batzuetara 52 palestinar inguru hil zituen okupazio armadak. Igandera arte Israelek gazatar gehiagorekin akabatzeko 72 ordu dituela gogorarazten digu Tohak.

Duela zortzi hilabete proposatu eta genozidioaren erantzuleek atzera bota zuten akordio bera dela diote. Libanotik zerbait ikas badaiteke, Israelek bere hitza jan egiten duela da. Zutabe hau argitaratzen denerako, auskalo zer gertatu den.

Ospatzen zebiltzan gazatarren bideoak ikusi eta akordioaren berri ez zuen bederatzi urteko semeak Tohari galdetu dio: «Palestina aske da orain? Aireporturik egongo ote da gu itzuli gaitezen?».

Bide luzea egiteko dago okupazioarekin amaitzeko, Turtle Islandetik Zisjordaniaraino.