Ion GARATE
Interview
Joxemari Mitxelena
«Pilota 7 Haizetara»-ko hautagaia

«Klubik ez balego, alferrik arituko ginateke lanean»

Euskadiko Euskal Pilota Federazioko hauteskundeak egingo dira larunbatean, bi hautagaitza daudela. «Pilota 7 Haizetara» hautagaitzako buruak «kluben kluba» izatea nahiko luke. Euskal Herriko txapelketak sustatu, emakumeen presentzia indartu eta hori guztia euskararen pisua eta indarra handitzearen esperoan.

(Jon URBE | FOKU)

Bi hautagaitza ditugu: zuen «Pilota 7 Haizetara» eta Enaitz Olaetaren «Euskal Pilota Mundura». Nola zaudete?

Lanean! Klubekin berriz ere egoten eta beraien zalantzak argitzen. Horretan gabiltza.

«Pilota 7 Haizetara», hala ulertzen duzue euskal pilota selekzioa: Euskal Herriko zazpi lurraldeak biltzen dituena?

Hori garbi daukagu. Baina egun hauetan ikusten ari gara «7 Haizetara» jarri beharrean «8 Haizetara» jarri beharko dugula; diasporan dagoen jendea deika ari da esanez «aizue, guk ere euskal selekzioarekin jokatu nahi dugu!» Jatorri euskalduna dutenak, beraiei ere jakin-mina, ikusmina eta gurekin jokatzeko gogoa... sortu zaizkie. Baina, tira, printzipioz guk Euskal Herria bere osotasunean ikusten dugu eta horrela gustatuko litzaiguke lan egitea.

Euskal pilota selekzioaren ofizialtasunaren gaia mahai gainean dugu, Nazioarteko Federazioak eskubide osoko kide izatea onartu du-eta. Zein da zuen jarrera?

Hori federazio bat da, gu bitan baikaude banatuta. Bat da Munduko Pilota Konfederazioa eta hor 2016tik aurrera gaude eta erakunde horrek antolatzen dituen txapelketa guztietan ofizialak gara eta euskal selekzio ofizial bat bezala jokatzen dugu. Eta bertan parte hartu dugu Nafarroako eta Iparraldeko pilotariek. Gauza berbera gustatuko litzaiguke Nazioareko Euskal Pilota Federazioarekin ere. Besteekin izandako tratu ona eta ibilbidea nahiko genuke; ez dugu inolako polemikarik edo istilurik sortu. Modu normalean jokatu dugu. Bada, gauza berbera gustatuko litzaiguke: guk sortutako federazio horretan orain ez geundenak, baina «Inozente egunetik» -abenduaren 28tik- barruan dago jada eta ea zer erabakitzen den eta espero dugu onartzea eta normaltasunez jokatzea.

Ez dakit zuek begi onez ikusiko zenuketen, hasiera batean behintzat, Euskal Autonomia Erkidegoko pilotariek soilik osaturiko euskal selekzioa?

Bestearekin -Munduko Pilota Konfederazioarekin- ez dugu inolako arazorik izan. Hemen gustatuko litzaiguke gauza berbera izatea. Horretarako, lehenbizi, pilotariek nahi izan beharko dute. Pilotariek gurekin jokatu nahi badute, hori izango litzateke guk nahiko genukeena ere. Bigarrenik, [Nazioarteko] Federazioak ea uzten digun. Alegia, Munduko Pilota Konfederazioan utzi digute eta hemen ere hori nahiko genuke: zazpi lurraldeetako pilotariek elkarrekin jokatzea.

Zein balorazio egiten duzue Gotzon Embilek zuzendutako Federazioaren inguruan?
Azken lau urteetan berarekin egin dut lan, diruzain; lehendik ere banuen harremana Federazioarekin: azken bederatzi urteetan «joko zuzenetako» arduraduna izan bainaiz. Horrek ez zuen esan nahi Zuzendari Batzordean nengoenik.

Nire esperientziagatik, 40 urtean banketxe batean lanean, komentatu zidan [Embilek] ea diruzain lanetan hasi nahi nuen, nahiko egoera larria zelako. Azkenean zor guztiak ordaindu ditugu. Horretaz aparte, joko zuzenez arduratu naiz, eta alor horretan izugarrizko laguntza eta babesa eman dit Gotzonek. Horrez gain, euskara plan bat egin genuen eta plan horren arduradun jarri ninduen eta gustura egin dut lana, egia esan! Eta hainbat proiektu martxan jarri ditugu eta horiek aurrera jarraitzeko asmoa dugu orain.

Zein dira «Pilota 7 Haizetara» hautagaitzaren helburuak?

«Kluben kluba» izan nahi dugula. Hau da, klubak indartu eta haiengandik gertu egon nahi dugu. Gure hautagaitzan 14 lagunetik 9 klubetako zuzendaritza batzordeetan gaude. Oinarri-oinarritik dakigu zein behar, zein kezka... dauzkagun. Asko hitz egiten da Euskal Selekzioari buruz, pilotako profesionalei buruz, baina klubik ez balego, alferrik ariko ginateke eta jai izango genuke.

Gero euskara letorke. Indarra eman nahi diogu euskarari. Duela bi urte Eusko Jaurlaritzarekin plan bat hasi genuen eta horregatik urrezko «Bikain» bat eman ziguten, baina ez dugu hor geratu behar. Batetik, azken hamar urteetan Korrika-ko arduradun izan den Asier Amondo daukagu, eta, bestetik, Oier Zearra pilotari profesional ohia; izugarrizko gogoa erakutsi du esparru guztietan euskara indartzeko.

Komunikazio aldetik ere indartzea gustatuko litzaiguke, hedabideetan eta sare sozialetan. Eta horretarako dago gure hautagaitzan Jon Eskudero kazetaria. Hortik beste diru sarrera bat espero dugu.

Beste atal bat emakumeena izango litzateke. Emakumeak pilotan gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari dira. Eta horretarako gure hautagaitzan hiru emakume doaz, hiru esparru ezberdin menperatzen dituztenak. Alde batetik, Alaitz Badiola. Ikaspilota proiektuan hasi zen eta 20 urte daramatza. Eskola kirolak arloa ederki ezagutzen du, sei urtetik gorako haurrekin eta gazteekin lanean.

Bestetik, Itsaso Erasun pilotaria dago. Berak dakizki pilotariak dituen kezkak eta beharrak. Eta hirugarren arlokoa, Itsaso Zubizarreta. Markinako zuzendaritza batzordeko kidea da. Klub bat kudeatzen badaki. Hiru esparru horiek betetzen ditugu.

Kluben kluba izan nahi duzuela diozu. Uste duzue askotan ahaztuta geratzen direla?

Klubetatik urruti ikusten dugu Federazioa eta hori nahi genuen gerturatu. Ondoan egon eta beharrei aurre egin.

Emakumeen pilota da beste arretaguneetako bat. Non daude gabezia handienak?

Denean. Badirudi esku pilota bakarrik ikusten dela, baina baita palan, zestan.. ere indartu nahi dugu. Euskal pilotak 27 modalitate ditu eta gustatuko litzaiguke denetara sartzea. Gero, joko zuzenetan emakumeak munduko txapeldunak dira. Eta, noski, hori orain dela 10 urte ez zekiten jokatzen eta begira orain; ez, ez da bakarrik ikasi dutela, baizik eta oso lehiakorrak direla.

Modalitate gehienetan emakumeak egotea nahi genuke. Ikusi dugu pausoa eman dutela eskukoek. Zergatik ez modalitate guztietan?

Txapelketen formatuari dagokionez, Enaitz Olaetaren hautagaitzak pilotarien ranking bat proposatzen du.

Nahi duguna da Euskal Herriko txapelketak indartu. Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketan hasi ginen eta jada 10 urtez jokatu dira. Hor parte hartu dute Euskadiko Euskal Pilota Federazioko pilotariek, Nafarroakoek, Iparraldekoek, eta ikusi da urtez urte indartuz joan dela, gero eta pilotari gehiago daudela eta maila ere handiagoa dela. Eta hori da nahi duguna. Hau da, guk antolatzen ditugun Euskal Herriko txapelketak indartu eta modalitate gehienetara pasa.

Rankingak eta antzekoak frontoietan eta plazetan erakutsi behar dira. Egin dezakegu beste herrialdeetan bezala: Belgikan, Herbehereetan, Valentzian...

Beste kiroletan egiten den bezala: futbolean, saskibaloian.. Hau da, liga bat: 20 taldekoa, 18koa, 16koa... Eta ez bakarrik eskukoa. Hori indartu nahi dugu, batez ere: Euskal Herriko txapelketak modalitate desberdinetan.

Euskara ere aipatu duzu. Ez dakit nabaritu duzuen gure hizkuntzaren erabilera galtzen ari ote den klubetan?

Bi urteetan gorakada handia egin dugu, baina ez du horrek esan nahi hemen bukatu denik. Jaurlaritzak jarritako laguntzarekin aurrera jarraitu nahi dugu. Ez dugu inor derrigortu nahi, baina bai lagundu gero eta euskara gehiago entzun dezagun frontoietan, trinketean eta plazetan.

Elkarlana ere aipatzen duzue. Garrantzitsua da Espainiako Federazioarekin harreman ona sustatzea?

Orain arte harremanik ez dakit bagenuen ere, eta txarra. Ezagutzen dugu Javier Conde Nafarroako presidente zenetik.

Orain arte guk antolatzen genituen Euskal Herriko euskal pilota txapelketen data beretan antolatzen zituen Espainiako Federazioak ere, izorratzeko. Gure lehentasuna izango da guk gure Euskal Herriko txapelketei garrantzi handiagoa ematea, baina Espainiako Federazioak antolatzen dituzten txapelketan ere parte hartu nahi dutenei ez diegu oztoporik jarriko.

Iparraldeko txapelketek ere asko hobetu beharra dute; Lilou Etxeberria presidentearekin ondo konpontzen gara. Eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko lehendakariarekin ere harreman ona dugu. Gure aldetik ateak irekita daude eta eta espero dugu aurrean daudenek ez ixtea.